Erresuma Batuan Covid-19aren krisia hasi zenetik bikoiztu egin da haurrak goseak dauzkaten familien kopurua, herrialdeko guztien %20ra iritsiz, Food Foundation erakundeak egindako ikerketaren arabera.
Food Foundation erakundeak ezagutarazi duenez, bost familia britainiarretatik batean haurrak goseak edo behar adina jan gabe daude, beren familiek ez daukatelako haien elikadura bermatzeko adina diru sarrera. Azken urteetan gutxiegi eta gaizki elikatutako umeen kopurua eten gabe ugaritua baldin bazen Erresuma Batuan, koronabirusak eta honek eragindako krisiak –familien konfinamendua batetik, lanpostu prekarioenen berehalako galera bestetik...– are okerragotu du arazo, klase gutzietako familietan baina batik bat guraso bakarrak mantendutakoetan eta haurren bat ezintasunen batekin daukatenetan. Erakundearen kalkuluetan, guraso bakarreko familien ia herena eta haur ezinduren bat daukatenen ia erdia dabil umeen oinarrizko elikadura bermatu ezinean. Eskolen itxierak are larriagotu du familia horien egoera, umeek galdu dutelako aste egunetan bederen otorduetako bat segurtatzeko aukera.
Food Foundationen arabera, pandemia lehertu aurretik 621.000 ziren gosaria dohainik eskaintzen dieten elkarteei esker bazkaltzen zuten haurrak eta koronabirusagatik etxeratze agindua zabaldu denean, horietatik 136.000 besterik ez dira aurkitu zerbitzu bera bermaturik, gainerako ia milioi erdia eguneko otordu ziurtatu bakarra egiteko alternatibarik gabe geldituta.
Children’s Right2Food kanpainakeko Emma Thomsomek esan du: “Gogorra da onartzea, batzuentzako sinestea ere bai, oraindik badirela goseak bizi diren haurrak gurea bezalako herrialde aberats eta indartsu batean. Baina milioika dira".