argia.eus
INPRIMATU
Bridgestoneren proposamen berria: ekoizpena handitu, baina 232 langile kalera
  • Basauriko Bridgestoneren zuzendaritzak astelehen arratsaldean eman du pneumatiko lantegian enplegua erregulatzeko txostenak eragingo liekeen langileen kopuruaren berri: 232 behargin geratuko lirateke kalean, 335 beharrean. Horrez gain, ekoizpena handitzeko eta kalte ordainak emateko plana ere jarri du mahai gainean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko maiatzaren 13a
Bridgestoneko langileen mobilizazio bat Basaurin. UGT Euskadi

Basauriko Bridgestoneren lantegian, beharginak hamaikagarren lanuztea egiten ari zirela, zuzendaritzak proposamena berria jarri du mahai gainean astelehenean: kaleratutako langile kopurua 335etik 232ra jaitsiko litzateke horren arabera, EiTBren iturrien arabera.

Enplegua erregulatzeko espediente (EEE) horrek badu txanponaren beste aldea. Planaren arabera, urtean ohi baino 100.000 gurpil-estalki gehiago ekoitzi beharko lituzkete beharginek, eta merkatua berreskuratuko balitz 150.000 gurpil-estalki gehiago ekoiztea aurreikusten da. Hori positibotzat jo dute, nolabait lan karga Bizkaiko lantegira eramateko borondatea ere azalduko luke, Poloniara beharrean.

Aurre erretiroari eta kalte-ordainei buruzko proposamenak ere azaldu dizkie zuzendaritzak sindikatuei. Hala, aurre erretiroa hartu ahal izango lukete 55 urtetik gorako langileek, gainera soldataren %80 jasoko lukete eta urtetik urtera %2 igoko litzaieke. Kaleratzeagatiko kalte-ordainak, berriz, urteko 45 egunekoak izango lirateke, azkeneko proposamena baino gehiago.

Zuzendaritzaren eta sindikatuak ordezkaturik dauden enpresa batzordearen arteko negoziazioek aurrera jarraitu dute astelehen arratsaldean zehar. EEEa kontsultan jartzeko aldiaren epea maiatzaren 19an amaituko da, eta ordurako erabaki beharko dute langileek asanbladetan ea balekotzat jotzen duten. Sindikatuen iturrien arabera lantaldean iritzi kontrajarriak daude hartu beharreko erabakiaren inguruan.

Astelehenean zehar, Bridgestoneko langileek mobilizazio ugari egin dituzte eta tentsio uneak izan dira ertzainekin, zuzendaritzako kideak lantegira sartu direnean, Geuria hedabideak jasotako irudietan ikusten den moduan.