argia.eus
INPRIMATU
Bridgestoneko erregulazio espedienteak Basauriko fabrikako 232 langileren kaleratzea jaso du
  • Bridgestone Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko eta Puente San Migueleko (Kantabria) fabriketan dituen 420 langileri eragingo die CCOO, UGT eta BuB sindikatuek astelehenean sinatuko duten erregulazio espedienteak. Ostiralean egindako bozketan, Basauriko plantan dauden 900 bat langileetatik 569k eman zuten enpresak egindako proposamenaren aldeko boza, eta 191k kontrakoa. Kantabriako fabrikan, bestalde, 236 langilek eman zuten aldeko boza, eta131k kontrakoa. ELA eta SITB sindikatuek ez dute espedientea sinatuko, ez dituztelako "kaleratze traumatikoak" onartzen.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 19a
Bridgestoneko langileak, Basauriko plantan. CCOO

Ekainaren 23tik aurrera aplikatuko da erregulazio espedientea. 420 langile kaleratuko dituzte, Basauriko lantegian ari diren 232 eta Kantabriako 188. Txostena sinatuko duten sindikatuek jakinarazi dutenez, datozen asteetan aurre-erretiroak eta borondatezko bajak eskatu ahal izango dituzte langileek. Kontuan hartuta Basauriko "100 langile inguruk" dutela aurre-jubilazioa eskatzeko adina, eta borondatezko baja ere hainbatek hartuko duela, kaleratze traumatikoen kopurua nabarmen jaitsiko dela azaldu dute.

Enpresak zabaldutako oharrean "gurpilen Europako merkatuan izaten ari diren aldaketak" eta salmentak nahiz ekoizpena asko murriztu izana argudiatu ditu 420 langile kaleratzeko. Aurreko proposamenak 546 langileren kaleratzea jasotzen zuen; CCOOren hitzetan, "presio sindikalari esker" kopurua murriztea lortu dute langileek.

Azken urteetako datuek baieztatzen dute Bridgestonen zuzendaritzak adierazitakoa: enpresaren zifren arabera, 2024an salmentek %58ko jaitsiera izan zuten 2023rekiko, hau da, 841 milioi euro fakturatzetik 351 fakturatzera. Joera hori mantendu egin da aurten, urtarrilean iazko hil berean baino ia 40 milioi euro gutxiago fakturatu baitzuen. 

Pneumatiko konpainiak Usansolon (Bizkaia) dituen langileei ez die eragingo erregulazio txostenak.