argia.eus
INPRIMATU
Bridgestonek kaleratzeen kopurua murrizteko eta horien baldintzak hobetzeko asmoa erakutsi du
  • Pneumatikoen multinazionaleko langileek elkarretaratzea egin dute astelehenean, Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Sindikatuek enpresarekin izan duten bileran, zuzendaritza prest agertu da kaleratutako beharginen kopurua murrizteko eta kaleratze horien kalte ordaina handitzeko. Asteartean egingo dute hamargarren lanuztea, eta mobilizazio gehiago adostuko dituzte.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 06a
Bridgestoneko langileek Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean eginiko elkarretaratzea, astelehenean. CCOO

Bridgestone pneumatikoen multinazionaleko langileek Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten astelehen eguerdian, eta zera adierazi zien komunikabideei Igor Mena langile batzordeko buruak: "Negoziazioetan oso urrun daude langile batzordearen eta zuzendaritzaren ikuspegiak, oso zaila ikusten dut bi aldeak akordio batera iristea". Egun berean zuzendaritzaren eta langileen ordezkariek egindako bileran, ordea, kaleratutako behargin kopurua murrizteko eta kaleratzeen baldintzak hobetzeko prest agertu da enpresa.

Sindikatuak eta enpresako zuzendaritza behin baino gehiagotan bildu dira erregulazio txostenaren baldintzak negoziatzeko. Bildu ziren lehen aldian, apirilaren 4an, zuzendaritzak negoziazioetan "jarrera lotsagarria" izan zuela salatu zuen greba batzordeak, eta enpresari leporatu zion "produkzioa lehenestea langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik". Astelehenean egindakoan, ordea, erregulazio txostenaren negoziazioak maiatzaren 19ra luzatzea adostu dute –asteartean amaitzen zen epea berez–, eta berriz bilduko dira ostegunean eta apirilaren 12an.

Kaleratzeen kopurua murriztu eta horien baldintzak hobetu

Basauriko lantegiko beharginen %40 kaleratzeko asmoa agertu zuen Bridgestonek apirilean, hau da, 335 langile. Horien kaleratze baldintzei dagokionez, zuzendaritzak orain arte egindako proposamena zen lan egindako urte bakoitzeko 27 eguneko kalte ordaina ordaintze. Zifra hori 35 egunetara handitzeko prest agertu da enpresa orain. Horrez gain, kaleratutako langileen kopurua murrizteko asmoa ere erakutsi du pneumatikoen multinazionalak.Azkenik, langile zaharrenei erretiro aurreratuak eskaintzeko aukera jarri du mahai gainean multinazionalak. Negoziazioetan auzi garrantzitsua izan da 55 urtetik gorako langileen egoera, izan ere, lantegia osatzen duten 891 langileetatik %10 dira adin horretatik gorakoak, eta zuzendaritzak ez zuen beren egoera kontuan hartzen kaleratzeetan.

UGT sindikatuak Bridgestonen duen Raúl Lodeiro kidearen arabera, autobusetarako eta kamioietarako pneumatikoen ekoizpen gehiena Polonian dituen lantegietara deslokalizatu nahi du enpresak, "merkeagoa eta errentagarriagoa" baita. Halere, EFE berri agentziak argitaratu duenez, asteleheneko bileran enpresak sindikatuei hitzeman die Bridgestonen goi gamako Durabis gurpil azalak Basauriko lantegian ekoitziko dituztela.

Hamargarren lanuztea dute asteartean, eta mobilizazio gehiago adosteko bilduko dira

Apirilaren hasieran enpresaren zuzendaritzak langile batzordeari erregulazio txostena bidali zioenetik, hamargarren lanuztea dute Bridgestoneko langileek asteartean. Horrez gain, Basauriko plantan batzar orokorra egingo dute beharginek, mobilizazio gehiago adosteko.