BRICS+ taldeak hamazazpigarren gailurra egin berri du Rio de Janeiron, eta herrialde parte hartzaileek oharra argitaratu dute Trumpen muga zergak eta Iranen aurka eginiko erasoak gaitzetsiz. Erantzun gisa, AEBetako presidenteak mehatxu egin die "Amerikaren aurkako politikekin" bat egiten dutenei arantzelak %10 igoko dizkiela. Lula da Silva Brasilgo presidenteak NATOk bere kideei defentsarako aurrekontua %5 igotzeko aginduaren aurka egin du: "Errazagoa da gerran inbertitzea bakean baino".
Donald Trump AEBetako presidenteak apirilean ezarritako muga-zergek azken asteetan oihartzuna galdu badute ere, zeresana ematen jarraitzen dute nazioarteko harremanetan: BRICS+ taldeak asteburuan Rio de Janeiron egin duen gailurreko gai nagusienetako bat izan da, Israelek eta AEBek Iranen aurka eginiko erasoekin eta defentsa aurrekontuak BPGaren %5 izateko NATOren aginduarekin batera. BRICS+ Brasilek, Errusia, Txinak eta Indiak sortu zuten 2009an, eta geroztik herrialde ugari batu zaizkie: 2024. urtean Iran, Egipto, Saudi Arabia, Indonesia, Etiopia eta Arabiar Emirerri Batuak. Taldearen bazkide dira, besteak beste, Aljeria, Kuba, Turkia eta Vietnam.
Gailurra amaituta ohar bateratua argitaratu dute bertan izan diren herrialdeek, eta Etxe Zuriak ezarritako muga-zergekin "kezkatuta" daudela adierazi dute: "Neurri horiek munduko merkataritzari mehatxu egiten diote, eta ziurgabetasuna eragiten dute nazioarteko harremanetan". BRICS+ taldearen adierazpenei erantzun gisa, Trumpek Truth Social sare sozialean mehatxu egin du "Amerikaren aurkako politikekin" bat egiten duten herrialdeei arantzelak %10 igoko dizkiela.
Irango herritar, goi kargu eta gune nuklearren aurka berriki emandako erasoak ere hartu dituzte hizpide goi bilerako herrialdeek, Israel eta AEBak –eraso horien egileak– espresuki aipatu ez arren: "nazioarteko zuzenbidearen aurkako erasoak" izan zirela gaitzetsi dute, "gune nuklear baketsuen" eta "azpiegitura zibilen" aurka eginak. Palestinarren aurkako erasoen inguruan ere "kezka" adierazi dute gailurreko oharrean, eta Israeli eta Hamasi su-eten akordio bat negoziatzeko aurrez aurre biltzea eskatu diete.
Lulak NATOren aurka egin du
Gailurraren amaierako hitzartzean, Lula da Silva Brasilgo presidenteak gogor egin du NATOren aurka, erakunde militarrak bere kideei defentsa aurrekontua herrialdeko BPGaren %5 izatera igotzeko aginduaren harira: "Errazagoa da gerran inbertitzea bakean baino".
Lulak BRICS+ taldea Gerra Hotzean zehar bakerako tresna izan zen Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduarekin alderatu du, eta bere "oinordekoa" dela adierazi du: "Multipolartasuna erasopean dagoen honetan, gure autonomia jopuntuan dago beste behin".
Putin eta Xi Jinping ez dira gailurrean izan
2012an Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi izendatu zutenetik, Xi Jinping lehen aldiz ez da izan BRICS+ taldearen gailur batean. Haren ordez, Li Qiang lehen ministroa izan da Rio de Janeiron. Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere ez du bidaiatu Brasilera, 2023ko martxoan Nazioarteko Zigor Auzitegiak haren aurka ezarritako atxilotzeko agindua dela eta. Izan ere, Brasil Erromako Estatutuaren sinatzaileetako bat izanik, herrialdean izanez gero Putin atxilotzeko betebeharra izango luke. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak hartu du haren lekua gailurrean.