argia.eus
INPRIMATU
Brexitaren ondorena: eraso arrazisten gorakada nabarmena Erresuma Batuan
  • Ekain erditik uztail erdira bitartean 6.000 salaketa baino gehiago jaso dira Gales, Ingalaterra eta Ipar Irlandan, garraiobide publikoetan egindako erasoak direla eta. 2015eko sasoi berarekin alderatuta ia %80koa da igoera.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko abuztuaren 23a
Garraiobide publikoetan egiten dira eraso gehienak.

Erresuma Batua EBtik irtetea erreferendumean onartzeaz geroztik –ekainaren 23an–, eraso arrazistek gora egin dute nabarmen estatu osoan, Eskozian izan ezik. Eta garraio publikoa da, nonbait, eraso horien agertoki nagusia. The Guardian egunkariak zabaldu duenez, Garraioaren Polizia Britainiarrak (BTP) 119 salaketa jaso zituen Brexitaren gauean bertan, irain eta eraso arrazistengatik.

Erreferendumaren osteko bi asteetan, eraso kopurua %57 handitu zen aurreko bi asteekin konparatuta. 2015eko tarte berarekiko igoera, berriz, %78koa izan zen.  

Gainera, BTPko bozeramaile batek azaldu duenez, poliziak uste du  guztira gertatzen diren erasoak askoz gehiago direla salatzen direnak baino. “Herritarrei eskatzen diegu erasotzaileei aurre egin eta mota horretako gertakari guztien berri eman diezaguten”.