argia.eus
INPRIMATU
Bretoierazko telebista publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute bihar Bretainako hainbat hiritan
  • Bretainako Brest, Naoned eta Roazhon hirietan (frantsesez Brest, Nantes eta Rennes) telebista publikoa elebiduna izan dadin eskatzeko kalera aterako dira. Frantziako Estatuko kate publikoetan pare bat orduz baino ezin da entzun bretoiera gaur egun.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 08a
Biharko manifestaldirako afixa.

Manifestazioa antolatu dutenek ohar umoretsua prestatu dute bihar herritarrak protesta egitera bultzatzeko. “Manifestaziora ez joateko arrazoi onak” du izenburu idazkiak eta ziurrenik bretoi askoren gogoetan egongo diren usteetako batzuk jaso dituzte. Esate baterako: “François Hollandek promes egin du erregio hizkuntzen Europako Karta onartuko duela. Sozialistak bretoieraren etorkizunaz arduratzen hasi badira, sinestu behar duzu haiengan. Zertarako kezkatu!”. Edo beste hau: “Zerbitzu publikoek bretoieraz ordu eta erdi emititzea ez dago hain gaizki, kontuan hartzen badugu zein gutxik hitz egiten duten hizkuntza”. Beste muturrekoak ere ez dituzte ahaztu: “Astean 28 ordu bretoieraz eskatzea barregarria da, edo ehuneko ehun edo batere ez!”. Bretainan ere negua latza da nonbait: “Batez ere neguan, hobe da barruan egotea, goxo, eta ez arriskatu kanpora aterata, batik bat galdutako hizkuntzaren alde egiteak ez duelako merezi”.