argia.eus
INPRIMATU
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute
  • Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2025eko ekainaren 27a

Breizh kooperatiba 1957an sortu zen Bretainiako kultura sustatzeko kooperatiba gisa. Spézet (Speied, bretoieraz) herrian zuen egoitza nagusia, eta urteotan guztiotan Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da. Arazo ekonomikoak tarteko, kooperatibak bere jarduera eten du ekainaren 17an, Bresteko epaitegiek likidazio judizialean deklaratu ostean.

Kultur paisaia globalizatu batean bretainiar kultura lau haizetara zabaltzen saiatu den proiektua izan da Breizh. Lurraldeko argitaletxe eta artista bretainiarren erreferentzia nagusia izan da urte luzez. Kooperatibak Lorient hirian zuen liburu-denda, eta huraxe zen bretoieraz produzitzen den literatura zein musika topatzeko leku bakanetakoa. Hori ere itxi egin dute agindu judizialaren ostean. Kooperatibaren itxiera berri txarra da jadanik oso ahul den bretoieraren sustatzaile zein bretoieraz sortzen duten egileentzat.

Zenbakietara joko bagenu, Bretainiako Le Poher agerkariak argitaratu duenez, galerak 200.000 eurora heltzen omen dira gutxienez. Likidazio judizialak, orain arte kooperatibarekin lanean ari ziren zenbait sortzaile zein argitaletxeren lanak kolokan jarri ditu, baita lan guzti horiengatik jaso behar zituzten mozkinak ere. Kooperatibaren itxierak baldintzaturiko zenbait egile antolatzen hasi dira beraien egile eskubideak zein ordainketak bermatu daitezen eskatzeko.