Breaking Basque: euskaldunen enpatia erabiltzen duen iruzurgilearena

  • Ana Morales itzultzaileak asteburuan gertatu zitzaion gertaera baten berri eman du Twitterren. Iruzurgile bat dabilela, nafarra itxuraz, euskarazko iruzur nahiko landu batekin Bizkaiko herrietan bueltan. Beste txiolari batzuek ere topatu dute pertsonaia.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko apirilaren 04an - 18:16
Euskaraz aritzeak sortzen duen enpatia baliatu du iruzurgile batek Leioan, dirua lortzen saiatzeko.

Moralesen txioetatik, kontakizun hau atera dugu:

Gauza sinesgaitz bat gertatu zait gaur Leioan. Iluntzean paseatzen nenbilela herritik,bat-batean norbaitek deitu dit:

–Aizu (euskaraz).

Buelta eman eta mutil handi potolo bat.

–Euskaraz badakizu?

Nik baietz.

–Bai, ulertzen didazu?

Baietz nik. Oso larrituta zegoen, negarrez. Ia ezin zuen berbarik egin. Lasaitzeko esan diot, ea zer duen.

Esan dit Iruritakoa dela, eta praktikak egiten dabilela Lamiakoko enpresa batean. Hilean larunbat batean etortzea tokatzen zaiola; eta etorri dela, eta amaitu duenean metrora joan dela eta konturatu makutoa lantokian utzi duela.

Kartera, dirua, mugikorra eta dena han, eta astelehena arte han inor ere ez. Irunera joan behar zela eta handik Iruritara, eta dirurik ez. Udaltzainengana joan dela eta telefonoz deitzen utzi diotela, baina amona zaharragaz bizi dela era hark entzun ez. Labur esanda: dirua behar zuen.

Nik ez neukan karterarik, baina esan diot etxera joango nintzela eta hartuko nuela. Joan naiz, bera atarian utzita. Hartu dut eta jaitsi naiz. 70 euro neuzkan. Esan diot ea horrekin nahikoa zuen, eta hasi da kontuak egiten:

–Bai, 70 edo 80rekin...

Orduan paretik bikote bat pasatu da. Eta mutila begira-begira geratu zaio: "Nik ezagutzen zaitut. Ez nauzu ezagutzen?". Iruritarrak ezetz, ez duela ezagutzen. "Bai, zu Joseba zara". Niri ere Joseba izena zuela esan dit lehenago, baina, nire harridurarako, diotso:

–Ez, Denis.

Eta besteak: "Nongoa zara?". Eta besteak: "Elizondokoa". Ni aho zabalik. Besteak: "Zuk niri dirua zor didazu!". Iruritar ohia oilartxo eta aldarrika jarri da (erdarara pasata):

¿Que yo te debo dinero?

Ta beste mutilak niri: "Zuri zer egin dizu?". Eta nik: "Ba zuri egindako gauza bera uste dut". Ta nafar azkarrak orduan buelta eman du, zezen bat eginda, eta pasaeran ostia bat eman dio trafiko seinale bati.

Eta han geratu gara beste hirurok aho zabalik. Ez genuen elkar ezagutzen, gure elkargunea zen timatzaile euskaldun beraren biktima euskaldunak izatea. Baina zenbat probabilitate zeuden topo egiteko?

Bueno, ba, minutu batzuk eman ditu komentatzen, lasaitzen (super urduri ginen, bestea biolento jarri delako). Eskertu diet, geure burua aurkeztu dugu eta joan gara.

Niri paseoa moztu zait, eta urduri nengoenez, ahizpari deitu diot kafe bat hartzeko. Etorri dira ahizpa bi eta kontatu diet. Harritu gara, barre egin dugu, bla-bla eta bakoitza bere etxera. Neurera heldu ta mobilak jo. Ahizpa kotxean zegoela zebrabide batean geratu da eta bat-batean norbaitek leihatilan tok-tok:

–Euskaraz badakizu?

Ez dut argitu behar nor zen... BAZTANDAR BIXIA.

Beste kasu batzuk, eta baztandarra bueltaka

Ana Moralesek kontatuko txioek zenbait erantzun izan dituzte. Eta hainbat kontu irten dira hor. Delako baztandar hau, adibidez, atzo Berango eta Getxo aldean ere ikusi zutela, Leioatik ez oso urruti.

"Japoniarraren iruzurra", esan omen zaio era honetako iruzurrari, hizkera bitxiko pertsona larrituarekin errukitzeko joera dugulako askok. Baina, nonbait, Euskal Herrian, enpatiagatik edo, euskaraz jardutea amu eraginkorra da.

Gipuzkoan bizkaieraz egiten duen iruzurgilerik detektatu omen da, baina talde zabalago bat kontu berarekin duela urte batzuk Bilbon... Bilboko kasuen artean, emakumezko iruzurgilea ere bai, Santutxu auzoan.

Beraz, adi lagunok.

Albiste hau Sustatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Delinkuentzia
Aurreko urtean baino %13 gehiago
6.143 indarkeria matxista kasu erregistratu dira 2022an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Urteko delinkuentzia kasuen txostena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 6.143 kasu zenbatu dituzte indarkeria matxistarekin zerikusia dutenak, gehienak bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasandakoak.


Hamar lagun atxilotu dituzte Donostian Poliziari objektuak jaurtitzeagatik

Lau agente zauritu dituzte ostegun gauean egondako istiluetan. Gazteetako bi adingabeak direnez, askatu egin dituzte. Donostiako Aste Nagusiko “ez-jaietan” beste hainbat atxilotu egon dira antzeko ekintzengatik.


Irria jardunaldietarako materiala lapurtu diete Bilboko Konpartsei

Abuztuaren 25etik 29ra bitartean egingo dituzte Bilboko Irria jardunaldi kulturalak. Konpartsek bertan behera utziko dituzte ekitaldi batzuk, antolakuntzarako behar dituzten “balio handiko” gauzak ebatsi dizkietela atzeman ondoren.


2021-08-03 | Ahotsa.info
Mutiloako taberna bateko komunetan kamara izkutu batekin grabaturiko emakumeei elkartasuna adierazi diete

Mutiloako taberna batean emakumeen komunetan gizon batek grabaketak egin dizkie hainbat emakumeei, eta indarkeri mota honen aurka altxatzeko deia luzatu du Aranguren ibarreko mugimendu feministak.


Hiru pertsona epaitegira, Zornotzako talde erasoagatik

Igandean Lemoako gazte bati Zornotzan emandako jipoiagatik zortzi pertsona atxilotu dituzte. Adin nagusikoak diren hiruk Durangoko epaitegian deklaratuko dute ostiralean; adin txikikoentzako zentroetara eraman dituzte beste lau, eta azken adingabea zaintzapeko askatasunean... [+]


Eguneraketa berriak daude