argia.eus
INPRIMATU
BP petrolio-ustiatzaile britainiarraren aurkako epaiketa gaur hasiko da
  • Ia hiru urte igaro dira BP petrolio-ustiatzaile britainiarrak historiako marea beltzik handiena eragin zuenetik, eta haren aurkako epaiketa gaur bertan hasiko da, zenbait iturrik adierazi dutenez. Mexikoko golkoan eztanda egin zuen ustiategiak eragindako kalteen errudun den enpresa 17.000 milioi dolarretarainoko isuna jartzera behartu dezake epaileak.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko otsailaren 25a
Deepwater Horizon petrolio ustiategia, eztanda egin zuenean (argazkia: milenioscopio.blogspot.com)

Justiziaren eremutik at, dagoeneko BPk 24.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu kalte-ordainetan, AEBetako Louisiana, Alabama, Mississippi, Texas eta Floridako estatuei eta zenbait enpresa pribaturi ordaintzen, baita garbiketa lanetan ere.  Arrazoi horregatik, Rupert Bondy enpresako lege-zuzendariak akusatzaile estatubatuarrak jarri nahi dion “ ’falta larria’ gehiegizko neurria” dela adierazi du. “Hainbat eragilek dute istripu tragiko honen erantzukizuna”, gehitu du zuzendariak. Enpresak salaturiko beste eragile horien artean, Transocean izeneko ustiatzaile suitzar bat dago, baita eztanda egin zuen ur-azpiko petrolio-putzuaren segurtasunaz arduratzen zen Halliburton enpresa ere.

Istripua 2010eko apirilaren 20ean gertatu zen. New Orleansetik 80 kilometrora zegoen Deepwater Horizon petrolio-plataformak eztanda egin zuen,  ur azpian 4.000 metrora zuen putzutik petrolioak ihes egin ondoren. Istripuak 11 lagunen heriotza ekarri zuen, baita historian erregistratu den marea beltzik handiena ere, kontrolatzeko 87 egun eraman zituena.

Bi urte luza daitekeen epaiketa hiru fasetan garatuko da: lehenak istripuaren kausak eta erantzukizunak ikertuko ditu; bigarrenean isuritako petrolio kantitatea neurtzea izango du helburu, kalte-ordaina zehaztu ahal izateko; eta hirugarrenean, ingurumen-kalteak eta kalte ekonomikoak zehaztuko dira.