Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena "etengabe" pairatzen dute: "Kale saltzaileen egoera oso larria da, bizirauteko dugun aukera bakarra da".
Ez da zeregin erraza kale saltzaile gisa lan egitea hiri handietako kale nagusienetan; bada, azkenaldian are lanbide zailagoa bihurtzen ari da Bilbon jarduten dutenentzat. Izan ere, astebeteko tartean, Bilboko udaltzainak manteroen aurka oldartu diren hiru kasu izan dira: uztailaren 26an, Kale Nagusian; uztailaren 30ean, Zazpikaleetan; eta, azkenik, joan den asteko ostiralean, Arriaga antzokiaren aurrean. Eraso "arrazista" horietan kale saltzaileek pairatutako "polizia bortizkeria" salatzeko, egin zuten astelehenean, Bilboko Zamudio Atarian, Manteroen aurkako jazarpenik ez! Bizirautea ez da delitua lelopean.
Elkarretaratze horretan izan zen Boubacar Diouf kale saltzaile eta Mbolo Moye Doole elkarteko kidea. Dioufek ARGIAri adierazi dio Bilboko kaleetan polizia "sarritan" oldartzen dela manteroen aurka: "Poliziaren jazarpena eta tratu bidegabea etengabe pairatzen dugu". Mbolo Moye Doole elkarteko kidearen arabera, kale saltzaileen egoera "larria" da, bizirauteko duten aukera bakarra baita lan horretan jardutea: "Ez digute bestelako lanik eskaintzen".
Egoera horren erantzukizuna Espainiako Atzerritarren Legeak duela dio Dioufek, euren "aurka" egiten baitu: "Bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe". Dioufek argi utzi nahi izan du manteroa izatea "ez dela delitua", eta euren aurkako errepresioan instituzioek jokatzen duten papera aipatu du: "[Instituzioak] Turistez bakarrik arduratzen badira, jakin dezatela guk prekarietatean bizitzen jarraitzen dugula".
Aste Nagusiaren mamua
Kale saltzaileen aurkako eraso "arrazistak" sarri gertatzen badira ere, Aste Nagusiaren bueltan are gehiago izaten direla dio Dioufek. Bere esanetan, orduan izaten den jende andana jaiak "unerik aproposenak" bihurtzen baditu ere, udala "bakarrik turistez" arduratzen dela salatu du. Iazko jaietan gertatutakoak berresten du Dioufek esandakoa: Aste Nagusia abiatu aurretik manteroen aurkako hainbat eraso gertatu ziren Bilbon, eta jaietako egun batean Bilboko Konpartsek agerraldia egin zuten Arriaga antzokiaren parean, kaleko saltzaileei elkartasuna adierazteko. Halere, Aste Nagusiaren azken egunean Udaltzaingoa berriz oldartu zen manteroen aurka, eta kanporatu egin zituzten Arriaga plazatik.
Eurek ere jaiez "disfrutatu" nahi dutela adierazi du: "Gu ere hemen bizi gara eta besteek dituzten eskubideak guretzako ere eskatzen ditugu". Horregatik, Aste Nagusia "inklusiboa eta antiarrazista" izan behar dela aldarrikatu du.