Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Espainiako Justizia Ministerioaren abortu legearen aurreproiektua bere osotasunean aztertu eta erretiratzeko eskatu du txosten batean. Maria Pilar Sepulveda kideak idatzi du txostenaren zirriborroa.
Kontseiluko hogei kideren artean txostena berrikusiko dute eta zuzenketak egin ahalko dituzte datozen egunotan.
Testuan lege berriak emakumearengan sor dezakeen babesgabetasuna eta gizartean piztu daitekeen alarma aipatzen dira. Aholku izaera du idazkiak, ez da derrigor bete beharrekoa Espainiako Gobernuarentzat. Juridikoki garrantzi handia du adierazpenak hala ere, zein erakundek idatzi duen aintzat hartuta.
Abortu legearen aurreproiektuak emakumeen eskubideetan atzera egitea eta inguruko herrialdeetatik urruntzea ekarriko lukeela azpimarratzen da txostenean. Sepulvedaren iritziz lege berria 1985eko oinarrizko eskemara itzultzea litzateke. “Abortuaren lege berriak araudi murriztaileenen artean kokatuko gintuzke”, idatzi du txostenean.
Gogor kritikatzen du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren aurreproiektua: “Iraganeko garaietara eramaten gaitu, eta desiragarriak ez diren praktikak ekartzen ditu, besteak beste, abortu klandestinoa eta abortuak egiteko turismoa”. Emakumearen askatasuna, intimitate, autodeterminazio eta duintasun eskubideak nabarmen murrizten direla dio Sepulvedak.
Bizkaiko Batzar Nagusietan aurreproiektuaren erretiratzea eskatu dute
Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk abortuaren erreforma erretiratzeko eskatu dute.
PP izan da aurka bozkatu den bakarra. PPko kide den Esther Martinezen iritziz, lege berriarekin “bizitzeko eskubidea” babestu nahi da.