Gasteizko nekazaritza eskola batean gertatu dira erasoak, eta irakasle bezala ezgaitua dagoen gizonezkoari kartzela zigorra ezarri dio Arabako Auzitegiak.
Maiatzean egin zen kasuaren gaineko epaiketa. Bertan, akusazio partikularrak eta fiskaltzak hemezortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuten akusatuarentzat. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, hamazazpi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuen. Defentsak, ostera, absoluzioa. Epaimahaiak bost urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio azkenik, eta erasotutako hiru emakumeei ordaindu beharreko 7.000 euroko kalte-ordaina.
Epaiaren arabera, egiaztatuta geratu da akusatuak zortzi urtean zehar, 2007tik 2015era, bere lankideetako bati jarraikortasunez bidali dizkiola bere fisikoaren gaineko mezu desegokiak, musuak eskatuz zenbaitetan. Frogatutzat jo da, baita ere, sexu abusuak egin zizkiela bi ikasleri 2015-2016 ikasturtean zehar, hauetako bat adin txikikoa zela. Hala ere, zenbait delitutatik absolbitu ostean, eskatutakoa baino zigor txikiagoa ezarri dio akusatuari epaimahaiak. Larriena zen sexu eraso delitua ez zaio leporatu.
Epaimahaiak azaldu duenez, gizonezkoak ikasleen gertutasun fisikoa bilatzen zuen ukituak eta iruzkin ezegokiak egiteko. Adingabea zen ikasleari, adibidez, kili-kiliak egiteko aitzakian bidea itxi zion, egoera bularra eta ipurdia ukitzeko baliatuz.
Akusazioak, ikasleari egindako eraso hori sexu erasotzat hartzea eskatzen zuen, baina epaimahaiak adierazi du epaiketan zehar ez dela oso argi geratu irakasleak indarra erabili izana ikaslea zokoratzeko.
Lankideari egindako erasoei dagokionez, akusatuak mezuak bidaltzeaz gain gertutasun fisikoa ere bilatzen zuen, beste lankiderik ez zegoenean honen kontra igurtziz eta ukituak eginez.
Guzti hau tarteko, epaimahaiak gizonezkoa jarraikortasunezko jazarpen delitu batengatik eta jarraikortasunezko bi sexu deliturengatik zigortzea erabaki du. Kartzela zigorraz harago, debekatu egin diote erasotuekin kontaktua izatea, lau urtez ikasleen kasuan eta hiru urtez lankidearen kasuan. Ikasleei dagokienez, gutxienez 200 metroko aldentze-neurria ere ezarri diote. Kartzelatik ateratzean, zaintzapeko askatasuna ezarriko zaio hiru urtez.