argia.eus
INPRIMATU
Bost haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilboko San Frantzisko auzoan
  • AZET Etxebizitza Sindikatuak salatu du Poliziak 8:00etatik hartu duela etxegabetu duten etxeko ataria. Auzokide ugari gerturatu badira ere etxegabetzea gelditzen saiatzera, Polizia etxebizitzara sartu da eta balkoira kateatu diren bi auzokideak askatu ditu. 9:30ak aldera heldu da komitiba judiziala, eta eurekin hitz egiteko asmoa adierazi dute sindikatuko kideek, baina ez dute lortu etxegabetzea gelditzea. Mobilizazioa deitu dute arratsaldean, 18:30ean Mariaren Bihotza plazatik.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 07a
San Frantzisko (Bilbo) auzoko etxe bat hustu nahi du Poliziak. AZET Etxebizitza Sindikatua

Etxegabetzeek ez dute etenik Bilbon: duela hilabete eskas bi eta hiru urteko haurrak dituzten familia bat etxegabetu zuten Zurbaranbarri auzoan, eta astelehen goizean San Frantzisko auzoko etxe bat hustu du Poliziak. AZET Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, 8:00etatik Ertzaintzak Tamara eta bere bost haurren etxeko ataria hartu du, eta "lehen unetik oldartu" zaie bertara gerturatu diren auzokideei. Ostiralean salatu zuen sindikatuko hiru kide identifikatu zituela Poliziak, astelehenean gauzatu den etxegabetzea salatzeko pankarta bat jartzeagatik.

AZETek gaitzetsi du Ertzaintzaren dispositiboa "neurriz kanpokoa" izan dela, eta dei egin dute etxebizitza ingurura gerturatzera, etxegabetzea geldiarazteko asmoz. Sindikatuak sare sozialetan jakinarazi du bi lagun Tamararen eta bere bost haurren etxebizitzako balkoira kateatu direla. "Etsaia ez baita alokairua ordaindu ezin duena, beronekin negozioa egiten duena baizik", adierazi du etxebizitza sindikatuko kide batek.

Komitiba judiziala 9:30 aldera heldu da tokira, eta sindikatuak adierazi du harekin hitz egiteko asmoa zutela etxegabetzea gelditzeko, baina ez dute lortu. Mobilizazioa deitu dute arratsaldean, 18:30ean Mariaren Bihotza plazatik (Bilbo).