argia.eus
INPRIMATU
Bost greba egun deitu dituzte EAEko haurreskoletan
  • Abenduan bi greba egun egin zituzten Haurreskolak Partzuergoko langileek, baina ondorengo bileran bai Partzuergoari, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari “negoziatzeko borondate eza” ikusi dietela-eta, mobilizazioen dinamikari eutsiko diete LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek. Urtarrilaren 25 eta 27rako eta otsailaren 22, 23 eta 24rako deitu dituzte greba egunak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 19a

Azken bileran, “abenduko grebak deitzeko aldarrikatzen genituen aldagaiei puntu bakar bat ere ez zieten eskaini” Jaurlaritzako eta Partzuergoko ordezkariek, sindikatuek salatu dutenez. “Haien asmoa kudeaketa langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu”. Langileen behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat aldarrikatzen jarraitzen dute, baita haurreskolen doakotasuna ere, eta haurreskolak Hezkuntza Sailean integratzea.

Bestalde, sindikatuek adierazi dute Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunaren gainean bileran egin ziren hainbat adierazpenek “izugarri kezkatzen” dituela: “Besteak beste, haurreskola txikien biziraupena zalantzan jarri zuten”.

Hala, urtarrila eta otsaila artean bost greba egun deitu dituzte, honako eskaera zehatzen defentsan: Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea; langileen behin-behinekotasun tasa bukatzea, lapostuak egonkortuz; irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea; eta aurrekontua handitzea.

Gaiari lotuta:

Haurreskolako hezitzaileak, gutxietsita, auzitan eta baliabide faltan