Eusko Jaurlaritzak onartu du erreaktibazio ekonomikorako plana, 2013an aurkeztutako zirriborroaren moldaketa da, PSEren ekarpenak jasotzen dituena.
6.475 milioi euroko aurrekontua dauka: 5.700 milioi sustapen ekonomikorako bideratu ditu; gainontzeko 775ak enplegua sustatzeko.
Sustapen ekonomikoari esleitutako zifra zehatzago aztertuta, 2.400 milioi trenbideentzat, errepideentzat, ospitaleentzat eta eskolentzat emango dituzte; 1.860 enpresentzako bermeentzat; eta 855 “berrikuntzarentzat”. Horren baitan, unibertsitateei eskainitako diru-partida eta konpainientzako laguntzak sartzen dira, besteak beste.
Programak esleitzen dituen bost eurotik ia bi eraikuntzaren sektoreak eramango ditu.
Kalkuluak aterata, 5.700 milioietako 5.115 milioiekin zer egingo duten azaldu dute. Gainontzekoekin ordea ez.
Txostena, hedabideentzat ukatuta
Eusko Jaurlaritzak ez die hedabideei planaren berri ematen duen idazki osoa helarazi, laburpen exekutibo bat baizik; berez “edozein ekintza edo erabaki finantziarrarren inguruaren berri emateko konpromisoa” hartzen badu ere bere kodigo etikoan.