Turkiako Kontsulatuak fiskaltzaren aurrean eraso xenofoboa izan dela salatu du, gaur El Correok zabaldu duenez. Salaketak jaso duenez, azaroan hiru marinelak Bermeoko parke batean zirela, gauez, sei kaputxadun inguratu zitzaizkien, teaser pistolak eskuan, eta hitzik esan gabe eraso egiteari ekin zioten.
Eren, Ahmet eta Eyüp izeneko hiru turkiar gazteak 'Mv Muammer Yagci' itsasontzian heldu ziren Bermeora. Hiru egunez izan ziren herrian atsedena hartzen, Italiara noiz abiatzeko zain. Azken egunean 01:00ak aldera gertatu zen erasoa parke batean. Aurpegia estalita zuten erasotzaileek teaser pistola elektrikoak zeramatzaten.
Kolpe batzuk jaso ostean, nola edo hala ihes egitea lortu zuten bi gaztek. Baina hirugarrenak, Erenek, teaser pistolaren deskarga batek paralizatuta utzi zuen lurrean. Lurrean zela ostikadak jasotzen jarraitu zuen konortea galdu arte. Anbulantzian esnatu zen ospitalera bidean.
Hurrengo egunean Bermeoko Udaltzaingoaren aurrean salatu zuten erasoa. Turkiako kontsulatuak salaketa jarri zuen Bizkaiko Fiskaltzan eta Ertzaintza ari da kasua ikertzen. Hiru gazteek deklaratu dutenez, erasoaren arrazoia "gorroto delitua" izan da. Hori da, hain zuzen, Turkiako Kontsulatuaren salaketak jaso duen zoi bakarra: arrazakeria.