Borrokatu eta irabazi: ELBk Bidaxunen aurkeztu ditu 'kriaxera' ahatekume intsumituak legalitate osoan

  • Albiste ona ahate gripearen gatazkan, ELB sindikatuak zabaldu duenez. Ahateak hiltzeari uko egin eta Frantziako agintariei aurre egin ostean, Bidaxunen inguruko baserritarrak ‘kriaxera’ arrazako ahatekumez hornitzen dituen Lataillade familiak baimen eta berme guztiekin saltzen ditu berriro.

Lataillade familiak Bidaxuneko bere etxaldean aurkeztu zituen asteazkenean, 30, 'kriaxera' arrazako txito berriak, laborari txikien garaipenaren ikurrak. (Argazkia: ELB)

2018ko maiatzaren 31n - 10:31

Nekazarien borrokak saria izan du oraingoan. Hegaztien gripearena ez da gatazka erraza: aditu guztien ustean hegazti granja handietan ugaritu eta mutatu den gripearen barietate berriak munduan hedatu ahala, batean eta bestean ugaritu dira hegaztiak kanpoan sal-erosteko debekuak –Hego Euskal Herriko azoketatik desagertu dira– eta epidemiak harrapatzen dituen guneetan oiloak ez direnean ahate guztiak masakratzeko aginduak.

Hala egin zuen iazko udaberrian Frantziako administrazioak ere. Ahateak modu industrialean hazten dituzten laborari eta tratulariak ados ziren, industria bezala. Aldiz, etxalde txikietan oso modu kontrolatuan eta sarritan arraza zahar gogorragoekin hazten zituzten bakan batzuek aurre egin zioten debekuari, funtsean Euskal Herrian eta ELBren sustenguz. ARGIAk kontatu zuen borroka hura, erresistentzia baketsu eta polizien jazarpen bortitzen irudiak utzi zituena.

Borrokan zenbait etxalde txikitako ahateak alferrikako masakretik babesteaz gain protagonismo handia eduki du “kriaxera” arrazako ahate txitoak –iraunkortasunerako arraza industrialak baino prestatuagoak daudenak- ekoizten dituen Lataillade familiaren baserriak, Bidaxunen. ELBko nekazariek desobedientzia ekintza ausarta egin zuten hango ahate kumeak boluntarioen artean banatuz, arraza bizirik atxiki eta ondorengo hilabeteetarako horiek hazten dituzten baserritarrek urtea ez zutela galduko segurtatzeko.

Borrokarik ikusgarrienak baretu arren, 2017ko uda eta udazkenean zehar jendarmeriak oso estu hartu zituen bai agintariei aurre egin zieten protagonista nagusiak, etxaldeetako jabeak bezala ELBko arduradunak. Ordu luzeetako galdeketak jendarmerietan, kontrol administratibo oso zorrotzak behin eta berriro, hurbileko jarraipena, mugimendu horiek guztiek eragindako kalte ekonomikoak…

Dossierra ez tekniko edo zientifikoa baina politikoa izan dela salatu zuen ELBk egun haietan eta soluzio politikoa negoziatzen saiatu zen agintariekin. Akordio batera ere iritsi ziren abenduan, baina ELBk bere konpromisoak bete dituen arren administrazioak bereak ez dituela osatu salatu dute sindikalistek.

Hilabeteotako borroketan lagundu dieten herritarrei eskerrak eman eta administrazioarekiko harremanak erraztu dizkieten hautetsiei beren lana aitorturik, gatazkaren balantzea egin du ELBk: “Bi urtez segidan, milioika hegazti hil dituzte, diru publiko kopuru haundiak iretsiz: zentzugabeko erabakiak dira gure ustez, eritasuna ez berriz agertzea ez baitute segurtatzen, aldiz bai ahate sailaren berrigituratzea ekartzen dute, etxalde ttipi ainitz gelditzera behartuz, ekonomikoki ez baitute gehiago buru egiten ahal, gainera inposatzen zaielarik norma andana baten azkartzea (gastu haundikoak), beren errealitate eta neurriarekin arrunt deslotuak direnak. Argiki, politika hauek hazkuntza herrikoia, kanpokoa eta autarzikoa lanjerrean ezartzen dute. Horregatik, gure borrokaz pozten gira, Bidaxuneko etxaldeari eta harekin lan egiten duten hazkuntzeri jazko sasoina hein batean salbatzea ahalbidetu baitugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegazti gripea
Pettan Prebende, laboraria
"Agroindustriarentzat pentsatu araudiak dira eta emeki-emeki hiltzen gaituzte"

Azken urteetan errepikatzen den gaitza dute hegazti gripearena laborariek. Frantziako Estatuak bideratu aterabideak –hegazti guzien hilketa prebentiboak eta kabalak barnean atxikitzea– gogorki gaitzesten ditu ELB sindikatuak. Egoeraren larritasunaz ohartarazteko eta... [+]


Hegazti gripeaz Frantziako Gobernuak egin duen kudeaketa salatu du ELBk

Animalien osasunaz arduratzen den DDPP departamendu mailako zerbitzuak Pauen dituen bulegoak okupatu dituzte ekainaren 8an, ELBk eta Biarnoko Modef eta Confederation Paysanne sindikatuek ere. Poliziak kanporatu ditu.


2023-06-02 | Euskal Irratiak
Hegazti kutsatuak Behe Nafarroara ekartzearen lanjeraz ohartarazi du ELBk

ELBk berriz ere bere arrangurak agertarazi ditu hegazti gripeari begira. Euskal Herriko Laborarien Batasunak jakitera eman duenez, iragan hiru asteetan 70 kutsadura kasu aitortu dira Aturri arroko etxaldeetan, horietatik 50 Gersen, hemezortzi Landetan eta bi... [+]


Etxalde bateko ahateen prebentziozko hilketa saihestea lortu du ELB sindikatuak

Ehundik gora lagun elkartu dira Ilharren (Nafarroa Beherea) Bidarteberria etxaldearen aitzinean, zerbitzu sanitarioko ordezkariei bidea mozteko. Hegazti gripearen testuinguruan, 200 ahateren hiltzea oztopatzea lortu dute.


2022-01-25 | ARGIA
Hegazti gripearen kudeaketa "porrota" dela salatu du ELBk eta mobilizazioa deitu du

Kanpoan hazten diren hegaztiak hiltzea da Frantziako Gobernuak darabilen estrategia, hegazti gripeari aurre egiteko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) ohartarazi du estrategia hori antzua dela eta etxalde txikiek ez dituztela kudeaketa txarraren ondorioak pairatu behar... [+]


Eguneraketa berriak daude