José Alayónen La Lucha besarkadaz beteriko eszena batekin hasi da, indartsu, ohartu garen arte besarkada horiek kanariar borroka deritzon kirol bateko heltze teknika bat zirela. Fuerteventuran, Miguel aita (Tomasín Padrón) eta Mariana alaba (Yazmina Estupiñán), kirol honetan bete-betean aritzen den familia bateko kideak dira. Urtebete da ama galdu zutenetik, bera ere borrokalaria izan zen, eta horrela egiten diote aurre aita-alabek aurrean duten bizitzari.
Film honetan, dolu prozesua aztertzen da batik bat, nola gotortzen diren bai Miguel eta baita Mariana ere kanariar borrokan, amaren heriotzari aurre egiten saiatzeko. Miguel ez da gai emaztearen galera onartzeko, eta Marianarentzat, heltze prozesuan dagoen nerabea denez, aitaren jarrera oztopo handia da garapenean. Arazoa areagotu egiten da Miguelen belauna huts egiten hasten denean, aurrera egiten laguntzen dion gauza bakarra galtzeko arriskuan baitago. Mariana ere frustrazioei aurre egin ezinik dabil, ama borrokalaria izan zenez, haren mailara iritsi nahia eta existitzen ez diren espektatibak izango baititu aurrean.
Hasieran, trama aurkeztea kostatu egin zaio filmari. Kanariar borroka dokumentatu eta erakutsi nahi zuela nabaria izan da. Aukera arriskutsua, akaso; baina efektiboa, azkenean. Behin martxa hartu ostean, gehiago ulertu dugu ikusleok kirol hau zutabe garrantzitsua zela protagonisten bizitzan. Horrela, azalean sentitu dugu nola bizi duten kirola familian, eta zergatik den horren terapeutikoa amaren galerari aurre egiteko. Gainera, ondo aprobetxatu du kirol hau aurkezteko aukera, txapelketak eta entrenamenduak hurbiletik ikusteko abagunea izan baitugu. Kirolari lotuta doazen balioen aipamena ere egin da, noski, halako filmetan ohikoa den moduan: zintzotasuna eta kiroltasuna. Agian pixka bat zinikoa naiz gai honekin, pelikulatik kanpo orokorrean kirola eta lehia gizartean nola ikusten diren kontuan hartuta, baina pelikulak bide onetik landu du gaia.
Besarkada eta borroka artean, istorio intimoa kontatu du Alayónek: pausatua eta ederra. Paisaia lehorrak eta langile klaseko jende xumearen bizimodua erakutsiz, coming-of-age film bat eta drama uztartzea lortu du. Jendeak atsegin izango du lan hau, kanariar borroka urrun geratzen zaigunoi ere ulertarazi baitigu ezer ez dela dirudien bezain azalekoa.