argia.eus
INPRIMATU
Borroka nagusi LGTBIfobiaren aurkako egunean
  • Euskal Herriko hainbat txokotan mobilizazioak deitu dira ostiralean, LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 17a
Ekainaren 28an, LGTBI Harrotasunaren Egunean, Bilbon egindako manifestazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

“Sistema cisexista eta heteroarautzaile honetatik kanpo egoteagatik jasaten dugun indarkeriaren kontra” altxatu eta faxismoaren aurkako erresistentziara batzeko dei eginez, Ekainak28 koordinadorak manifestazioa deitu du ostiral arratsaldean Bilbon. Mobilizazioa Plaza Eliptikotik abiatuko da 19:00etan, eta LGTBI kolektiboak pairatzen dituen indarkeria anitzak salatuko dituzte.

Koordinadorak adierazi duenez, “gure ingurunetik kanpo gertatzen diren aniztasun sexualaren kontrako gorroto erasoak” salatuko dituzte batetik. Alabaina, beren esparruan ematen diren erasoak ere jarriko dituzte jo-puntuan: “gure etxean, gure kaleetan, gure eskoletan, gure lanean, gure harreman sareetan” ematen direnak. Eraso guzti horiei konponbidea emateko exijituko diete ordezkari politiko eta instituzioei, “egoera hauen konplize eta  ikusle pasibo izan beharrean”. Ildo horretan, “konponbide material eta errealak” exijituko dizkiete.

Manifestazioa beste hainbat salaketari bide emateko ere baliatuko dute: “hainbat indar politiko eta erlijiosoren gorroto diskurtsoak, LGTB+ kolektiboaren aurkako ‘trifatxitoaren’ diskurtsoak, Hazte Oir-en autobusaren ekintzak, eurek genero ideologia deritzotenaren aurkako eliza katolikoaren esanak, edota homosexualitatea sendatzeko terapien alde esandakoak”. Ez hori bakarrik, kapitalismoa arrosa eta pinkwashinga ere salatuko dituzte, instituzio eta alderdi politikoek kolektiboaren sufrimenduari etekinak ateratzeko erabiltzen dituztela azpimarratuz: “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak euren indarra eta interesa gutxi batzuentzako Pride-a (LGTBI harrotasunaren eguna) antolatzera bideratzen dutela salatzen dugu, Foru Aldundiak LGTB+ politikei bere aurrekontuko zati oso txikia eskaintzen dien bitartean”. Bilboko Udalak, aldiz, kalearen erabilera arrazista, LGTBIfoboa eta faxista ahalbidetzen duen araudia mantentzen duela gehitu dute, kolektiboak udalak agindutako LGTBIfobiaren kontrako protokoloaren zain dirauen bitartean.

Guzti honetaz gain, “indar zapaltzailea den polizia” GayLesPol elkartearen bidez beren borrokan sartu nahirik dabilela ere salatuko dute.

Mobiliazazioak hainbat tokitan

Bilboko manifestazioaz gain, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere mobilizazioak egingo dira LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira. Iruñean, “Beren indarkerien aurrean autodefentsa” lemapean, elkarretaratzea deitu du LuGaTiBeK, 19:00etan Udaletxe plazan. Donostian ere elkarretaratzea deitu du EHGAMek “LGTBIfobiarik gabe bizi nahi dugu” lemapean, 19:30etan Bulebarrean. Gasteizen Lumagorri, B.A.L.A, Errekaleorreko Marikak eta Gasteizko Bilgune Feminista kolektiboek osatzen duten Ekainak 28 Koordinadorak deitzen du mobilizazioa, "Zuen infernua gure paradisua" lemapean. Katedral berriaren parean deitu dute, 19:00etan.