argia.eus
INPRIMATU
Borondatezko CO2 merkatu bat sortu nahi dute EAEn
  • Euskal enpresei, haien karbono aztarna gutxitzeko, aukera eskainiko zaie basozain txikien zuhaitzen karbonoa erosteko.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 30a
Inmaculada Astorkiza, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta proiektuaren ekonomiako unibertsitateen arteko taldeko ikertzaile nagusia. // Argazkia: EHU

Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak bultzatuta, karbonoaren borondatezko merkatu bat sortu nahi dute Euskadin 2024an. Merkatu honetan, basozain txikiei zuhaitzen karbonoa erosteko aukera izango dute euskal enpresek, haien karbono aztarna gutxiagotzeko, EHUk jakinarazi duenez.

Elkarmedia enpresa teknologikoak eta PEFC ziurtagiri sistemak ere proiektua babesten dute, baita Valentziako Unibertsitate Politeknikoak, Zaragozako Unibertsitateak, Gironako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasale eta proiektuaren ikertzaile Inmaculada Astorkizak adierazi du proiektuaren helburua “euskal basoek karbonoa xurgatzeko duten gaitasuna handitzea” dela. Halaber, nabarmendu du EAEko Ziurtatutako Azalera Osoa 107.477 hektareakoa dela, eta horren %49,1 basozain txiki eta ertainenak direla, titulartasun pribatukoak, alegia.

“Pentsatzekoa da ekimen honek baso-jabe berriak bultzatuko dituela Kudeaketa Iraunkorreko Plan Teknikoak egitera, eta ziurtagiri honen bidez (sine qua non baldintza) borondatezko merkatuan parte hartu ahal izango dutela”, azpimarratu du Astorkizak.

Proiektuaren alde onak

Merkatua bultzatzearen onurak zerrendatu dituzte ekimenaren aldeko eragileek: “Alde batetik, baso-jabeei diru-sarrera gehigarri osagarriak sortzen dizkie, eta kudeaketa iraunkorraren bidetik jarraitu behar izatea sustatzen du; era berean, karbonoaren baso-kudeaketak tokiko enplegu berriak sortzen ditu landa-eremuetan. Bestetik, enpresa parte-hartzaileen Erantzukizun Sozial Korporatiboa (ESK) hobetzen du, haien ospea handitzen du eta marka-irudia hobetzen du Euskadin eta beste autonomia-erkidego batzuetan”.