argia.eus
INPRIMATU
Borja Sémperrek politika utziko du
  • Gipuzkoako PPko presidenteak politika uzteko hautua egin du. Astearte eguerdian eman ditu erabakiaren inguruko azalpenak, eta politika uzteko arrazoien artean aipatu ditu familia eta Ernst Young aholkularitza taldeak egindako lan eskaintza. Aurrerantzean multinazionalarentzat egingo du lan, erakundeekiko harremanen zuzendari gisa.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 14a
(Argazkia: eldiario.es)

Borja Senperrek eman dio bere erabakiaren berri PPko presidente Pablo Casadori: politika utziko du. Alderdiko ardura eta karguak datozen egunetan utziko ditu Gipuzkoako PPko presidente eta Eusko Legebiltzarreko PPren eledunak.

17 urte zituenetik da PPko alderdikide Borja Sémper Pascual (Irun, 1976). EHUn egin zituen Zuzenbide ikasketak, eta 1995ean Irungo zinegotzi gisa hautatua izan zen. 2003. urtetik da Eusko Legebiltzarreko kide, eta 2013az geroztik alderdiko eledun gisa aritu da bertan, Arantza Quirogak politika uztea eragin zuen krisiaren ostean.

Ia aho batez hautatua izanik, Gipuzkoako PPko presidente izan da 2009tik. Kargu horiez gain, Donostiako zinegotzi ere bada egun.

2018an PPk egindako kongresuan, EAEko PPk hartutako postura berarekin, Soraya Saenz de Santamariaren hautagaitzaren alde egin zuen Sémperrek. Saenz de Santamariari egun PPko presidente den Pablo Casado gailendu zitzaion ordea, eta ordutik alderdiko zuzendaritzarekin gatazkak izan ditu Sémperrek.

Astearte eguerdian hautuaren arrazoiez mintzatu da publikoki, Donostian egin duen agerraldian. Bere esanetan, alderdi barruan izandako gatazkek ez dute zerikusirik izan politika uztea erabakitzerakoan. Egindako adierazpenen arabera, "familiagatik eta lan eskaintza batengatik" utziko du jardun politikoa. Zehaztu duenez, erakundeekiko harremanen zuzendari arituko da Ernst Young aholkularitza taldearentzat. Multinazionalak Bilbon du EAEko egoitza, Iberdrola dorrean.