argia.eus
INPRIMATU
Boris Johnson ospitaleraratuta dago koronabirusagatik
  • Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministroa ospitalera eraman dute, bertsio ofizialak dioenez bertan koronabirusaren inguruko proba gehiago egiteko. Johnson (55 urte) isolatuta zegoen bere egoitza den Downing Streeten, duela hamar egun positibo eman zuenetik. Astelehenean krisi kabineteak egunero bezala egin behar duen bilkura ez du, beraz, Johnsonek gidatuko Dominic Raab Atzerri ministroak baizik, lehen ministroa horretarako gai ez dela iritzita. Igandean, Ingalaterrako Elizabeth II erreginak mezu berezia bidali die britainiarrei, harro egoteko moduko jokabidea edukitzeko eskatuz.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 07a

Downing Streeteko iturriek esan dute Boris Johnsonen asmoa, hasiera batean, ospitalean gau bat pasatzea zela, ohiko test batzuk egiteko soinean daraman koronabirusaren inguruan. Baina bere egoera larriagoa ote den susmoa daukate herritar askok, azken egunotan lehen ministroak bere agerraldi publikoetan gero eta itxura txarragoa zeukalako. The Guardian egunkarian komentatu dutenez, "ikusita gaur hemengo ospitaleek bizi duten presioa, lehen ministroa ez zuten bertara eramango baldin eta medikuak benetan kezkatuta ez baleude. Ohiko test errazak Downing Streeten egin ahalko zizkioten".

Johnson bera izan zen martxoaren 27an sare sozialetan zabaldu zuena Covid-19 testean positibo eman zuela. Ordurako Londresko gobernuak atzera egina zuen koronabirusaren krisian zeraman estrategian eta Europako gainerako herrialdeak bezala abiatua zen etxeko konfinamendua agintzetik. Hala ere, Johnsonek, bere gobernuko kide nabarmenenekin batera, aurrez aurreko bilerak egiten eta parlamentura joaten jarraitu zuen.

Azken egunotan hobera ez baino okerrera egin du Johnsonen osasun egoerak, haren agerraldi publikoetan nabari zenez, nahiz eta saiatzen zen herritarrak isolamendua zorrotz jarrai dezaten animatzen. Astelehenean bertan jakingo da ea ospitalera soilik probak egitera eraman duten ala bertan geratzen bada nola berrantolatuko dituzten Erresuma Batuko gobernua eta estatuaren hierarkia osoa.

Elizabeth II erreginak ezohiko keinu batekin nabarmendu zuen are gehiago britainiarrek bizi duten une berezia, herritarrei mezu grabatu bat zabaltzean. "Esperantza daukat etorkizunean harrotasunez oroituko dugula denok ere nola erantzun genuen desafio honen aurrean", esan die britainiarrei. Erregina Eguberriz mintzatzen zaie herritarrei baina data horretatik aparte soilik beste lau alditan egin du antzeko keinu bat bere agintaldi osoan: 1991n Golkoko Gerran tropa britainiarrei babesa adierazteko, 1997an Galesko Dianaren hiletaren bezperan, 2002an bere ama eta ezkontzazko erregina izana hil zenean eta azkena 2012an, erregetzan beterako 75 urteak ospatzerakoan.