argia.eus
INPRIMATU
Bolsonarok jarraitzen du estatu kolpearen mamua astintzen
  • Datorren urriaren 2an hauteskundeak egingo dira Brasilen, eta eguna hurbildu ahala urduritasuna gero eta handiagoa da, besteak beste, Jair Bolsonaro egungo lehendakariak haizatzen duen estatu kolpearen mamuagatik.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko irailaren 07a
Jair Bolsonaro tiro praktikak egiten.

Inkesta guztien arabera, Langileen Alderdiko (PT) Luiz Inacio Lula da Silvak irabaziko ditu hauteskundeak hamalau punturen aldearekin. Alderdi Liberaleko hautagai Bolsonarok ez du halakorik onartzen eta behin eta berriz dio hauteskunde sistema elektronikoan iruzur egin daitekeela; eta areago, 2018ko hauteskundeetan berak lehen itzulian irabazi zuela, baina iruzur bidez bigarren itzulia behartu zutela.

Irailaren 7ko honetan Independentziaren Eguna ospatzen da Brasilen, eta behatzaile guztiak arreta handiz ari dira begiratzen zenbat jarraitzaile biltzen dituen Bolsonarok kalean, eta mobilizazioa zein doinurekin egiten den. Iaz ere, estatu kolpearen itzalak oihartzun handia izan zuen egun honetan.

Urriaren 2an, lehendakariaz gain, Senatuaren herena, Diputatuen Ganbara eta estatuetako gobernadoreak ere hautatuko dira. Lehendakaritzarako hautaketa bi itzulitan egingo da, baina lehenengoan norbaitek lortzen badu emandako botoen erdia gehi bat, automatikoki hautatuko da. Halaber, hautagai batek lortzen badu beste guztiek batera baino boto gehiago, lehen itzulian aterako da garaile.

Ciro Gomezen jarraitzaileak giltzarri

Esaten da Lulak lehen itzulian irabaztea klabea dela Bolsonaroren balizko estatu kolpea indargabetzeko, horrela ez lukeelako nahiko denborarik hura prestatzeko. Eta lehia horretan, garrantzitsua da ere Ciro Gomez PDT Alderdi Demokratiko Laboristako hautagaia. Aditu askok egindako kalkuluen arabera, Gomezen balizko bost milioi boto-emaileek lehen itzulian Lula da Silvaren alde eginez gero, Lulak lehen itzulian irabaziko luke ia seguru.

Balizko kolpeaz ere makinatxo bat idazten ari da. Era denetako iritziak aurki daitezke, baina askoren ustez, kolpe klasiko bat ez litzateke samurra Bolsonarorentzat, eta armadako buruzagitza oso eskuindarra bada ere, ez ei da oso Bolsonarozalea. Ondorengo artikulu honek kolpearen mehatxuari buruzko bost tesi egituratzen ditu. Eta beste honek, lehendakarigaien arteko lehen telebista debateak emandakoa laburbiltzen du.