Unibol: Boliviako indigenek badute beraien unibertsitatea

  • Kitxuentzako unibertsitatea sortu zuten 2008an Bolivian. Herrietako migrazioa gelditzea helburu, jendeak gogotsu hartu zuen proiektua. Ikasi ostean beraien herrietara itzuli eta bertan laguntzeko prestatu nahi dituzte ikasleak.


2012ko otsailaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Euskal Herrian izan ziren Elizabeth Estrada eta Jaime Zambrana Boliviako Unibertsitate Indigenako kideak.

Hezkuntza, lurra eta osasuna aldarrikapen iturri izan dira urte luzez Boliviako erakunde indigenentzat. Boliviako Unibertsitate Indigena sortzea herrialdeko elkarteen, herritarren eta gobernuaren aspaldiko asmoa zen. 2008ko abuztuan iritsi zen hainbeste desio zuten eguna, Boliviako presidente Evo Moralesek egindako dekretuaren bitartez Unibol jaio zenean, Indigena Kitxuen Unibertsitatea. Proiektuaren helburu nagusietakoa ikasi ostean euren herrietara itzuli eta horietan lagunduko duten pertsonak prestatzea da. Hala, gaur egun komunitateetan ematen den migrazio mugimendua gelditu nahi da, eta eskualdeen ezaugarri ekonomikoak indartu.

Unibertsitatea Chimoré herrian dago kokatua (Cochabamba izeneko departamentuan, Bolivia erdialdean) eta 500 ikasle inguru ditu. Oihanean, elikagaien industrian, agronomian eta arrantzan lan egiteko prestakuntza ematen zaie, eta hainbat titulazio eskaintzen dira, burututako urte kopuruaren arabera: unibertsitatea amaitutakoan, goi-teknikaria, lizentziatua edo ingeniaria, edo maisua izango da bertan ikasi duena.

Ekimena garrantzitsua da Boliviako herri eta nazio indigenentzat, orain arte goi-mailako ikasketak egiteko hautua izan ez duten ikasleentzat aukera paregabea delako. Elizabeth Estrada Unibol Unibertsitateko administrazio-finantzen zuzendariak azaldu digunez, “unibertsitatera joateak gastua eragiten du; herritik hirira joan behar izaten da jendea eta hainbatetan baliabide ekonomikoek ez dute horretarako aukera ematen”. Horri irtenbidea aurkitu dio Kitxuen Unibertsitateak, ikasleek herrialdeko elkarteen diru-laguntza jasotzen baitute. Unibertsitatea da, elkarteek emandako diru-laguntzaren bidez, ikasleen janaria, egonaldia eta prestakuntzarekin zerikusia duen guztia ordaintzen duena. Ondorioz, diru gutxi izan arren, goi-mailako ikasketei heltzeko aukera eskaintzen du proiektuak.

Ikasleak barnetegi sistema batean egoten dira eta beraz, ikasgelez gain bertan dute beraien bizilekua. Hori da Unibertsitate Indigena Boliviako beste unibertsitateez desberdintzen duen ezaugarrietako bat. Elkarbizitza euskarri garrantzitsua da, elkarlanean ariko den komunitatea osatzea lortu nahi delako. Ordutegian zehaztuta dagoenez, une batzuetan ikasgelan arituko dira, eta beste zenbaitetan aldiz lurreko lanetan, teorian ikasitakoa praktikan jartzeko xedez. Izan ere, unibertsitate produktiboa eratzea da helburu nagusia, eskoletan ikasitako ezaguerak gero errealitatean erabiltzeko baliagarriak izan daitezela. Horretarako, ikasketak bi zatitan daude banatuta: %40 eskola teorikoak dira eta %60 praktikoak.

Iristen diren une beretik funtzio bat ematen zaio ikasle bakoitzari. “Gauza bera egiten da irakasleekin eta administrazioko langileekin ere, denek egiten dugu lan elkarrekin, ama-lurrarekin harremana izateko betebeharra dugu”, dio Estradak. Esaterako, ikasleek, irakasleek eta administrazioko langileek ekoizten dute koka-landarea, elkarlanean. Hortaz, komunitateko pertsona bakoitzak bere zereginak ditu batetik, eta produkziora eskainitako orduak sartuko ditu bestetik. Azken finean, bai ikasleen eta bai irakasleen jarduna bi norabidetan zuzentzen da: ikasi eta irakatsi. Harremanetarako espazio pedagogikoak sortu dituzte unibertsitatean, ikasleen, irakasleen eta administrazioko langileen artean.

Identitate kulturala indartzearen alde

Unibertsitateak hainbat mugarri ditu, horietako bat da unibertsitateak jakintza eta kultur aniztasunari ematen dion garrantzia. Unibolen ahalegina da ikasleen artean kitxuen identitate kulturala indartzea. Unibertsitateko errektore Jaime Zambranaren hitzetan, elkarren arteko harremanaren eta sortutako komunitatearen bidez azpimarratzen da identitate hori, garrantzitsua baita ikasleak bere kultura eta hizkuntza landu eta indartzea. Jakintza modernoak ezagutza kitxuekin uztatu behar direla eta harremana izan behar dutela ere uste du errektoreak: “Jakintza indigenari alderdi akademikoan ere lekua egin nahi diogu proiektu honetan. Unibertsitatea bera hori da, jakintzen arteko elkarrizketa”.

Irakasleak hautatzeko garaian ere, filosofia hori mantentzen dela begi-bistakoa da. Bi irakasle mota bereiz daitezke: batetik, titulazio akademikoa dutenak, eta bestetik, kitxua kulturan jakintsutzat hartzen dituztenak. Maila berean egiten dute lan, zibilizazioen arteko harremanean oinarritzen baita Unibolen proiektu pedagogikoa.

Hala ere, Estradak eta Zambranak kontatu digutenez, oraindik ez dituzte lortu hizkuntza alorrean finkaturiko helburuak eta lanean dihardute alderdi hori sustatzeko. Irakasgai batzuk kitxua hizkuntzan diren arren, gehienak gazteleraz irakasten dira gaur egun. Arrazoia da zenbait irakaslek ez dakiela kitxueraz hitz egiten. “Horretan ere ari gara lanean, irakasleek hizkuntza ikas dezatela eta beraien lana gure hizkuntzan egin dezatela baita asmoa”, dio Jaime Zambranak. Kitxuera Bolivian zabalduta dagoela adierazi dute unibertsitateko arduradunek, baina normalizazio bidean oraindik badela oztoporik.

Oinarri sendoa

2008tik hona egin dituzten aurrerapenek bi ildo nagusi jarraitu dituzte. Batetik, azpiegitura eratzeaz arduratu dira, unibertsitate fisikoa. Horrez gain, proiektu akademikoa finkatzea funtsezkoa izan da. Irakasle eta administrazio taldeak sortzen joan dira pixkanaka eta gaur egun, sendotu egin da gestio moldea. “Egonkortze prozesu honetan, ezinbestekoa izan da erakundeen eta indigena elkarteen parte-hartzea, beraien unibertsitatea dela badakite, beraiek direla protagonistak”, nabarmendu du errektoreak.

Etorkizunera begira, ez dira gutxi jarri dituzten erronkak, baina ebaluazio prozesua dute bidea zehazten joateko eta geroa ahalik eta ondoen prestatzeko. Herrialdeko buruzagiek adierazi dietenez, herritarrek aintzat hartzen dute beraien lana eta beharrezkotzat jotzen dute Unibol. Ikasteko, prestatzeko eta etorkizun oparoa izateko denek aukera berdinak izan ditzaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude