Bolivia berriari bai

  • Boliviak baiezkoa eman dio Evo Moralesen konstituzio proposamenari. Emaitza ofizialak falta direlarik, behin-behineko emaitzek %60ko babesa iragarri dute. Garaipen garbia, beraz, baiezkoaren alde. Dena den, ehunekoak oso desberdinak izan dira departamentu batean edo bestean.


2009ko urtarrilaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Boliviako erreferenduma

Mendebaldeko landa gunean jaso du konstituzioak babesik handiena, ekialdeko lau departamentutan (Santa Cruz, Pando, Beni eta Tarijan) ezezkoak irabazi du eta Chuquisacan ezezkoa aurretik da baina oso abantaila estuarekin . Konstituzioa lau departamentutan ez onartu izanak zenbait agintari autonomikoren ahotsa altxarazi du testuaren zilegitasunaren aurka. Departamentuen erabakia onartua izatea eskatzen dute. Gobernuak, aldiz, erreferendumaren izaera nazionala nabarmendu du eta estatu mailan baiezkoaren garaipena azpimarratu.

 

Zilegitasunaren inguruko eztabaidaz gain, lurraldeen arteko emaitzen desberdintasunek agerian utzi dute Boliviako nekazal gunearen eta hiriaren arteko urruntasun ideologikoa ere. Lurralde pobreenen eta aberatsenen arteko desadostasuna nabarmena da.

 

Adostasun handiagoa izan da, baina, erreferendumeko bigarren galderan. Boliviarrek gehienezko lur jabetzak zenbatekoa izan behar duen erabaki behar zuten: 5.000 hektarea ala 10.000. Konstituzioak 5.000 hektareako gehienezko lur jabetza arautuko du, hautesleriaren %78ko babesarekin. Latifundioaren kontrako neurriak ez die orain arteko lur jabeei eragingo, legea indarrean sartu ondorengoei baizik.

 

Lurraren banaketa eta erabilera berrantolatzea da konstituzio berria izango denaren helburuetako bat. Badira beste berrikuntza garrantzitsu batzuk. Horien artean, indigenei komunitate gisa boterean parte hartzeko bidea zabaltzea. Horretarako, gobernuarekin, justiziarekin eta lurrarekin lotutako eskubideak bermatuko zaizkie. Bestalde, estatuak parte hartze handiagoa izango du ekonomian. Baliabide nazionalak estatuaren esku geldituko dira eta inbertsio boliviarrak abantailak izango ditu atzerriko inbertsioekin alderatuta. Horrez gain, estatuko lurraldea antolatzeko autonomia ereduak zehazten ditu testuak. Konstituzioaren kontra bozkatu duten departamentuen eskari nagusiena da autonomiarena baina gobernuak proposatutakoa ez dute nahikotzat jotzen. Konstituzio berriarekin, gainera, Boliviako presidenteak bi legegintzalditan agindu ahal izango du jarraian. Neurri horrek datozen hauteskundeetara aurkeztea ahalbidetuko dio Moralesi.

 

Konstituzioa onartuko bada ere, ez dirudi hura aplikatzea oztoporik gabeko bidea izango denik, oposizioak gehiengoa baitauka Senatuan. Moralesek dagoeneko ohartarazi du, eskubiak legeen onarpena blokeatzen badu, gobernuak dekretu bidez onartuko dituela. Prozesua tentsio egoera horretara helduko balitz, istiluak sortzeko arriskua agertu liteke. Iazko abuztuan eta irailean gertatu ziren herritarren arteko borrokak gogoan daude oraindik.

 

Emaitza ofizialak plazaratu eta konstituzioa onartzen denean, Parlamentuak hauteskunde legea idatzi beharko du, ondoren hauteskundeak deitzeko. Abenduan presidentetzarako hauteskundeak izango dira eta 2010an alkateak eta departamentuetako agintariak aukeratzeko bozketa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude