Boko Haramen oinarri soziala dira esklaboen umeak

  • Deabru berria Sahara azpialdeko Afrikan ‘Boko Haram’ deitzen da. XXI. mendeko jihadista fanatikoen adibidetzat ezagutua da 2009an Nigeriako gobernuaren kontra matxinatu zenetik burututako triskantzengatik. Jeke arabiarren finantzaketa? Baietz. Baina Afrikan Jihadak erroak sustraiturik dauzka mende luzetako injustizietan.   


2015eko martxoaren 04an - 11:50
Azken eguneraketa: 13:49
Abubakar Shekau buruzagiak iazko udazkenean gisa honetan eman zion ezetza Nigeriako Gobernuak luzatutako tregua eskaintzari.

Antzinako esklaboak dira, gutxienez azken bi mendeotan morrontzan zanpatu dituzten masa handiak, Afrikako Jihadismoaren oinarri soziala”. Horra Le 1 astekari frantsak 43. zenbakian “Afrique, les visages du Dhijad” (Afrika, Jihadaren aurpegiak) gaiaren inguruan dakartzan tituluetako bat.

Astekari bitxia da Le 1: kioskoan  DIN-A4 edo newsmagazine formato tipikoarekin aurkituko duzu,  baina bere 16 orriak irakurtzeko maindire moduan zabaldu beharko duzu, 65x90 cm-ko paper bakarra osatu arte. Lehen Le Mondeko zuzendari izandako Eric Fottorino dauka nagusi. Beraz, irudimentsua baina Frantziako establishmentari ondo itsatsia ere bai. Maila handiko idazle eta adituen artikuluak ekartzen ditu.

2009an matxinatu zenetik, Boko Haram bihurtu da Afrikako amesgaiztoa: 5.000 baino gehiago hil ditu, asko modurik ikaragarrienean, 500 gizon, emakume eta haur baino gehiago bahitu, tartean esklabutzan saldutako neskak... Milioi eta erdi baino gehiago dira borroketatik ihesi joanak. Erlijiozko gerrarik basatiena gaur Saharaz beheko eskualdeetan gertatzen da, horrela esan badaiteke. Esan daiteke?

“L’ADN de Boko Haram” idatzi du Marc-Antoine Perouse de Montclos ikerlariak, laguntza humanitarioaren eta politikaren arteko loturez liburu bat plazaratua daukanak. Dio, ukatu gabe Al Kaeda edo Daech-Isisengandik jasotako laguntza, Boko Haramen sustraiak lekuan bertan aurkitu behar direla, benetako oinarri soziala daukala.

Nigerian bertan taldeak duela bi urte 500-1.000 gudari omen zeuzkan. Baina gobernuak larrialdi egoera ezarri ostean 4.000 gizonetaraino handitu zuen tropa, eta gaur 8.000-10.000 inguru edukiko omen ditu. “Bestela esanik, zenbat eta bortitzagoa Boko Haramen kontrako errepresioa, orduan eta gehiago indartu da. Honek zalantzan jarri beharko luke soluzio militarren eraginkortasuna”.

Taldeak esku hartu du eskualdean dauden liskarretan eta musulman askoren fidelitatea bereganatu du lurrak banatuz, Jihadaren aitzakiatan burututako sarraskietatik ihesi joandako kristau eta animistek lagatako lurrak. “Xariaren izenean Boko Haramen aldeko jendeak halako nekazaritza erreforma erlijioso bat antolatu dute. Horrela ebatzi dituzte urtero lurren erabileraren inguruan zeuden eztabaidak”.

Astekariak elkarrizketatu du Jean-François Bayart, Centre d’Etudes et Recherches Internationales-ko (CERI) zuzendari izana. CERI Frantziako Estatuaren erreferentzietakoa da atzerri politika, immigrazio, bortizkeria politiko eta segurtasun aferetan. Bayartek beste liburu gehiagoren artean “L’Islam Republicain” plazaratuta dauka. Elkarrizketan argi aitortu du Frantzia Malin militarki esku hartzearen alde egon dela, zalantzarik gera ez dadin. Bayartek esandako hitzen laburbilduma da ondoko guztia.

Jihadean kontsolamendu    

“Saharaz beheko eskualdean –dio Bayartek– nazioa gezur historiko handi batean oinarritzen da: esklabismoa zurien kontua zela. Zuriak errudun direnik ezin da ukatu, baina ez dira izan bakarrak eta beti joint-venture gisa aritu dira elkarlanean beltz batzuekin”. Eta XIX. mende hasieran esklaboen salerosketa itzali zenean Atlantikoan zehar, Afrika barneko esklabismoa hedatu zen.

XIX. mendean Jihada egin zuten buruzagietako batzuk esklabistak ziren, hala nola Mandinga erresuma sortu zuen Samori Ture. Eta gerlari jihadista esklabozaleen kontra oldartu ziren beste musulman batzuk, hala nola murida jendea, kofradietan antolatzen zena eta dena. Gudu gogorren bidez lortu zuten batzuek askatasuna eta baserritar gisa instalatzea, kakahuete laboreen inguruan, baina gainerako gehienek osatu zuten  gaurdaino luzatu den  morroi masa zabala.

“Gaur bertan Mendebaldeko Afrikan mundu guztiak daki nor den esklaboen ume edo nobleen ume, izenetik, barre egiteko moduagatik, aristokratek estilo handiagoz irri egiten badakite. Klase klitxe garbiak daude, Pierre Bourdieu [soziologoa] tropikootara egokituta esango genukeenez”.

Lehengo esklabo gaur morroi gisa baztertuei bi mendez xurgatu diete odola XIX. mendetik indarra hartuta dagoen aristokrazia beltzak. Joan den mendean Jihada egin zuten buruzagi esklabistek zanpatu dituzte urteotan. Baina morroiok ere denborarekin Jihadean eta salafismoan aurkitu dute kontsolamendua. Islamak esaten duenez sinestun guztiak berdinak direla, Mauritaniatik Nigerrera, Malin bezala Nigeria iparrean, morrontza den arazo ez aitortuari erantzun bat eman diola. Islam horrek bertsio ezberdinak baditu parajeotan.

Bada korronte pietista bat erlijio gaietan oso zorrotza baina politikan nahasten ez dena. Salafista horien mugimendua da Izala 1970etik. Gero badira Jihadaren aldeko gudariak, Allah gurtzen ez duen sultanaren –Mendebaldearen– eta honen Nigeriako ordezkari petrolioz ustelduen kontra borrokatzen dutenak. Hirugarrenik Bayartek aipatzen du 1980tik lanean ari den korronte milenarista bat.

Boko Haram taldeak 2002an sortu zenetik Izalaren islamista kietistatik jihadismoan barrena islamismo milenaristaraino egindako ibilbidearen gakoa errepresioan dakusa Bayartek, beste aditu askok nabarmendu duten gisan. 2009an jendearen aurrean exekutatu zuten Nigeriako agintariek Ustaz Mohammed Yusuf, Boko Haramen lehenbiziko buruzagia. Horrek eta batez ere gobernuaren armadak gerrillarien bila herritarren artean egindako sarraskiek eman zioten abiada Boko Harami.

Boko Haramek erasotzen ditu zurien eskolak (hausa hizkuntzan boko eskola da eta haram debekatua), ustelkeriaren eskolak direlakoan. “Mendebaldeko jakintzak estatu postkolonial zanpatzaile eta zurrupatzailea ekarri du. Ikusi zertan xahutzen duen Estatuak petrolioaren dirua, herritarrak zanpatzen ditu haiei laguntzeko ordez. Jakintza horrek pobrezia baino ez du ekarri. Xariarekin aldarrikatzen dute zuzenbide estatu bat justu gaur Nigeriakoa denaren kontrakoa”.

Azken hamarkadotan Mendebaldeko Afrikako herrialde askotan liberalizazio politikekin galdu dira zerbitzu publiko sare osoak. Hezkuntza eta osasun mailan, hutsunea eskola eta ospitale islamikoek bete dute, batzuetan bertako elite wahabita aberastu berriak finantzaturik.

Boko Haramekoak kriminalak direla? “Egia da hiltzen duela. Baina askoz errazagoa da  hiltzaileoi barbaro deitzea agenda sozial eta politiko bat daukatela onartzea baino”, dio Jean-François Bayartek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Afrika
Ablazioa berriz baimentzeko lehen urratsa eman du Gambiak

Gambiako Batzar Nazionalak emakumeen genitalen mutilazioaren debekua (klitoriaren ablazioa) indargabetzeko lege-proiektu bat eztabaidatu berri du. Azken urteetan ablazioak gora egin du, bera geldiarazteko legezko saiakerak gorabehera.


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Eguneraketa berriak daude