argia.eus
INPRIMATU
Boikotaren beste garaipen bat: Sestaoko Open Basque Country xake txapelketan ez dute israeldarrek parte hartuko
  • Israelgo zazpi jokalariek uko egin diote Sestaoko xake txapelketan jokatzeari, beren parte hartzearen aurka antolatutako protesten ondoren. Antolakuntzak aurretik eskatu zien parte ez hartzeko edota Israelgo banderarik ez erabiltzeko.

Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 12a
Sestao-Palestina elkarteak deitutako elkarretaratzea, israeldarren parte hartzearen aurka. Tele7

Israeli Boikot ekimenak bere fruituak ematen jarraitzen du: Sestaoko Open Basque Country xake lehiaketan parte hartzekoak ziren zazpi israeldarrek uko egin diote txapelketari. Erabaki hori ez da protestarik barik heldu, zazpi jokalari horien parte hartzea jakinaraztearekin bat, protesta sendoak izan baitira beren parte hartzearen aurka, Sestao Palestinatrkin elkarteak deituta. Sestaoko Xake Klubak, txapelketaren antolatzaileak, hasieratik eskatu zien ez parte hartzeko Israelgo jokalariei, edo, behintzat, banderarik ez erabiltzeko: eskaera horri muzin egin zioten jokalariek. Baina orain parte ez hartzea erabaki dute, gizarte presioaren ondorioz.

Gaur hasi eta datorren ostiralera artean jokatuko da Sestaoko Xake Klubak antolatutako txapelketa. 40. edizioa du aurten, eta polemikaren baitan ospatu du urteurrena. Izan ere, zazpi israeldarrek eman dute izena aurtengo edizioan. Antolakuntzak eskatua zien ez parte hartzeko, edota, parte hartzekotan, banderarik barik egiteko, "Israelek giza eskubideen aurka egiten duen urraketak" salatzeko ; zazpiek uko egin zioten eskaerari. 

Egoera horrela, Sestao Paletinarekin elkarteak eta Sestaoko Xake Klubak mobilizazio "baketsuak" deitu zituzten txapelketaren lehen egunerako eta larunbaterako. Presioa kusita, zazpi jokalarietatik hiruk uko egin zioten parte hartzeari, baina beste lauek mantendu egin zuten parte hartzea; txapelketa hasteko ordu gutxiren faltan, gainontzeko laurek ere ez dute parte hartuko.

"Diskriminazioa"

Sestaoko klubak hasieratik eskatu zien israeldarrei ez parte hartzeko, eta gizarte mugimenduen babesa izan badu ere, kritika gogorrak jaso ditu nazioartean. Nazioarteko Xake Federazioa Sestaoko klubaren erabakiaren aurka agertu zen, "open" izanda, ezin baita inoren parte hartzea ukatu. Are, Open Basque Country txapelketari errekonozimendu ofiziala kentzearekin ere mehatxu egin zion.