argia.eus
INPRIMATU
Babes Ofizialeko Etxeen jabetza ez da diruz lagundu behar Jaurlaritzaren ustez
  • Babes Ofizialeko Etxebizitzen jabetza ez litzateke diru publikoarekin lagundu behar, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuaren iritziz. Hutsik dauden etxebizitzak alokatzea izango da etorkizuneko politiken helburua.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 24a
2013an 91.000 etxebizitza zeuden hutsik EAEn, etxe guztien %8,7. (Arg: Heraldo.es)

“Etxebizitza hutsa: mugikortasunerako pizgarriak” izeneko jardunaldietan egin ditu adierazpen horiek Juan Mari Aburtok.

“Diru publikoa alokairu sozialetara bideratu behar da. Hutsik dauden etxebizitzak kaptatu eta alokairuaren merkatuan sartu behar dira”, azpimarratu du. “Bizileku duin bat lortzeko zailtasunak dituztenei bidea erraztea” duela helburu azaldu du Aburtok. 

Eusko Jaurlaritzak azken urteetan 5.000 etxebizitza huts eta libre kaptatu ditu alokairu sozialerako.

2013an 91.000 etxebizitza zeuden hutsik EAEn, etxe guztien %8,7 (%6, bigarren etxebizitzak kontuan hartu gabe). Gehienak herri txikietan daudela zehaztu du sailburuak, ordea, eta eskaera nagusia hiriguneetan dago.