argia.eus
INPRIMATU
‘Bloody Sunday’ eragin zuten soldadu britainiarrak auzipetu ditzakete
  • 41 urteren ostean, 20 soldadu atxilotu eta auzipetu ditzakete Bloody Sundayko hilketen harira. 1972ko urtarrilaren 30ean, Ipar Irlandako Derry herrian, 14 manifestari hil zituzten soldadu britainiarrek. Geroztik “igande odoltsua” deitzen diote egunari.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 22a
Bloody Sunday eguneko irudia: soldadu bat zibil bat atxilo hartzen. (Arg: Vilaweb)

Erresuma Batuko The Sunday Times egunkariak argitaratu duenez, galdeketak egin eta hilketa kargupean epaitu ditzakete 20 militarrak. Epaitegietara joan behar izatekotan, soldaduak defendituko lituzketen abokatuak kontratatu ditu jada Erresuma Batuko defentsa ministroak.

Galdeketak, berehala

The Sunday Timesek dioenez, “berehala” egingo diete galdeketa soldadu ohiei. Ipar Irlandako poliziaren ordezkari batek, aldiz, esan du ikerketa “luzea” eta “zaila” izango dela.

Egia argitu zuen txostena

2010ean kaleratu zuten Saville txostena, Igande odoltsuaren gertakariak argitzen zituen dokumentua. Bertan islatutako datuek ahalbidetu dute soldaduen kontrako prozesurari ekitea.

Txostenean, gertakariaren aurreko bertsioak ezeztatu, eta sarraskiaren nondik norakoak azaldu zituzten: soldaduek armatu gabeko zibilei egin zieten tiro. Hamalau pertsona, beraz, “justifikaziorik ez daukan era batean” akabatu zituztela dio ikerketak.

Dokumentuan ageri da “F buruak” eta “G soldaduak” izan zirela zibil gehienen hiltzaileak; zortzi eta hamar pertsona inguru hil zituzten. Bizirik daude oraindik bi militarrak, baina ez dituzte haien izenak zehaztu “errepresaliak ekiditeko”.

Ander Leon kazetariak Bloody Sundayri buruzko erreportai mamitsua argitaratu zuen Argian.

Blody Sundayko liskarrak. (Arg: Vilaweb)Bloody Sundayko protestak. (Arg: Vilaweb)