Duela egun gutxi eztabaida eragin zuen Frantziako Hezkuntza ministroak, Jean-Michel Blanquerrek. Senatuan esan zuen hizkuntza gutxiagotuetan ikasteak frantsesa baztertzea eragin zezakeela. Orain atzera egin du eta adierazi du jende orok onartzen duela eleaniztasunaren garrantzia umeen garapen kognitiboan.
Senatuan egin zituen adierazpen polemikoak, hizkuntza gutxiagotuen irakaskuntzaz hitz egiten ari zirela. Murgiltze ereduaren (Seaskaren kasuan ikasgai guztiak euskaraz dituzte ikasleek) bertute pedagogikoak zalantzagarriak direla eta frantsesaren ezagutza arriskuan egon daitekeela esan zuen. Haurrek frantsesa baztertzeko arriskua zegoela eta kognitiboki ez zela hain ona adierazi zuen. Hizkuntza gutxiagotuetan irakasten ari diren hainbat elkartek haserre erantzun zien, besteak beste Diwan eskolek eta Seaskak.
Maiatzaren 23an berriz, ohar baten bidez oso bestelako kontuak esan ditu Frantziako Hezkuntza ministroak. Mediabask.eus hedabideak jaso duenaren arabera, honela dio Blanquer ministroak: “Erregio hizkuntzen erakargarritasuna irakats metodo berritzaileen araberakoa da: jende orok onartzen du eleaniztasunaren garrantzia umeen garapen kognitiboan eta beste hizkuntza bat ikasteak ez dio eragiten frantsesa eskuratzeari, alderantziz baizik”. Murgiltze eredua interesgarritzat jo du, baldin eta konstituzio markoa errespetatzen badu.