argia.eus
INPRIMATU
Biztanle guztiak txertatzera derrigortzen dituen legea onartzeko eskatu du ELA sindikatuak
  • Administrazio publikoak txertaketa beharrezko egitea ekidin duela salatu du ELAk. Bereziki, arrisku egoeran dauden pertsonekin lan egiten dutenak inmunizatzea derrigortzen duen erregulazioa eskatu dute sindikatutik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 11
Argazkia: @ELA

ELA sindikatuak administrazio publikoari eskatu dio txertoa hartzeko derrigortasuna ezarri diezaion biztanleria osoari. Horretarako, legezko erregulazio bat onartu behar dela esan dute. Orain arte, botere publikoak txertaketaren beharrezkotasuna arautzea ekidin duela salatu du sindikatuak: “Gobernuek nahiago izan dute pandemia kudeatu birusarekin elkar-bizitzen, birusa desagerrarazi ordez”.   

Bereziki, osasun arloan ahulak diren pertsonekin lan egiten duten beharginen txertaketari egin diote erreferentzia. Sektore horretako langile gehienak txertoa hartzen ari badira ere, legea aldatzen ez den bitartean, inmunizatzea “ez da nahitaezkoa”. Langile batzuek ez dute dosia jaso nahi izan hautu pertsonalak medio, eta legedirik eza aprobetxatu dute horretarako. 

ELAk azaldu du txertoa jartzeak “ondorio pertsonalak” badituela, baina gizarte osoari eragiten dion erabakia dela. Arrisku-egoeran dauden kolektiboekin kontaktuan dauden langileen kasuan, inmunizatzeak “nabarmen murriztuko ditu gaixotasuna hartzeko eta beste pertsona batzuk kutsatzeko arriskuak". Beraz, komunitate zientifikoak emandako jarraibideak kontuan hartuta, beharrezkotasuna ezarri behar da, sindikatuaren ustez.

Administrazioaren “hipokresia”

Pandemia hasi zenetik, sektoreko langileek administraziotik jasotako laguntza eza salatu du ELAk. Koronabirusaren aurrean “bakar-bakarrik” eta “babes egokirik gabe” utzi dituztela azaldu du. Txertoa hartzeko laguntzarik eskaini ez, eta orain, aginte publikoek beharginak “kriminalizatu” dituztela ere nabarmendu du. Ramiro González Arabako ahaldun nagusiaren “hipokresia” jarri du adibidetzat: inmunizatuta ez dauden egoitzetako beharginei lan egitea debekatzen dien legea babestu du.   

Txertaketa derrigortzearen aurka

ELA ez bezala, txertoa jasotzeko beharrezkotasuna ezartzearen kontra agertu dira hainbat sektore. EITB hedabideak jaso duenez, Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak gaia “testuinguruan kokatu” behar dela adierazi du, eta EAEn txertatu gabeko langile soziosanitarioen kopurua txikia dela nabarmendu du, beste herrialde batzuekin alderatuta. Horregatik, derrigortasuna ezartzeko premiarik ez dagoela zehaztu du Quintasek.

Iritzi berekoa da SATSE erizainen sindikatua ere. Osasun-langile gehienek arduratsu jokatu eta txertoa jaso dutela adierazi du. Beraz, esan du txertaketa legez ezartzeko pausoa ematea ez dela lehentasuna: “Osasun langileek erakutsi duten erantzukizunari nahikoa irizten diogu".