Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erabaki duenez, gaur egun ere babesa behar duten kargu publikoek bizkartzain bat izango dute uneoro alboan, orain arte bi zirenean.
Berrozi taldeko ertzainen artean "benetako errebolta" eragin du planak, El Mundo egunkariak plazaratu eta ErNE sindikatuak bere webgunean paratu duen artikuluan irakurri daitekeenez.
Bai ErNek eta bai ELAk gogor kritikatu dute erabakia. Testuak dioenez, ertzain batzuek haien nagusien kontra egin dute. Badira, segurtasun gabeziak argudiatuz, banakako zerbitzua eskaintzeari uko egin diotenak; baita Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari gutuna bidali diotenak ere. Haien iritziz, garai gogorrenetan bizia arriskuan jarri dutenekiko "errespetu falta da".
ETAk jarduera armatua eten osteko garaiotan, askoz ere gutxiago dira babesa behar duten kargu publikoak, eta horrek bizkartzain kopurua izugarri murriztu behar izatea ekarri du, baita enpresa pribatuetako bizkarzainena ere.
"Inguruko herrialde bakar batean ere ez ditu bizkartzain lanak pertsona bakarrak egiten. Ezer gertatzen bada, ertzaina salduta egongo da eta neurriz kanpoko indarra erabili beharko du", salatu du Roberto Seijo ErNE sindikatuko koordinatzaileak. "Badirudi bizkartzainak kendu baina txoferra mantendu nahi dutela batzuek, handik hara eraman ditzaten".
"Bizkarzainak txofer bilakatzen dira orain", berretsi du ELA sindikatuak. "Aldaketa hauekin, babestutako pertsonaren eta ertzainaren segurtasuna murrizten dira".