ELA, LAB, CCOO, UGT, CGT, ESK, USO eta CNT sei eguneko greba deitu dute eta hau da lehen eguna. Berriz ere milaka langile atera dira kalera Bizkaia osoan, bereziki Bilbon astelehen goiz honetan egindako manifestazioan.
Sindikatuek pozik baloratu dute mobilizazioa eta gogor salatu dituzte Urkullu lehendakariak gaur egindako adierazpenak, non besteak beste, leporatu dien sindikatuei grebara jotzea, metaleko patronala (FVEM) negoziatzeko prest egonda ere. “Modu argi batean, langileei bizkar eman eta patronalaren aginduetara jarri da”, salatu du LABek. ELAren esanetan, langileek eskatzen dutena bidezkoa eta egingarria, “ulertezina dena da lehendakaria hain era nabarmenean lerratzea patronalarekin".
Ondoko hauek dira sindikatuen plataforma bateratuaren aldarrikapenak:
2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerakinen ordaina.
Inolako kasutan ez dio langile batek enpresari itzuliko `aurrerapen gisa´ jasotako igoerarik, hauek hitzarmenean adostutakoa gaindituz gero.
Igoerak tauletan eta soldata errealetan ezarri behar dira sektorean lan egiten duten behargin guztientzat. Soldata eskaria: hitzarmenaren iraupen urte bakoitzeko KPI+2 tauletan eta KPI+1 soldata errealetan.
Subrogazio eskubidea.
Lan erreformaren aurkako blindajea: lan baldintzak ez aplikatzearen aurkako klausula eta ultraaktibitatea mugagabea.
Zortzi orduko lanaldi murrizketa.
Aldi baterako kontratuak eta ABLEek kontratatzeko aukera mugatzeko neurriak. Kontratuetan iruzur egiten duten enpresetan malgutasuna aplikatzeko mugak.
Sektorean genero berdintasuna areagotzeko neurri efektiboak.
Lan osasuna lehentasun izateko helburuan aurrerapausoak.
Hitzarmenaren edukia 2019 urtera egokitu, azken negoziaziotik hona izan den edozein eskubide hobekuntzat aintzat hartuz. Hizkuntza sexista zuzendu.