argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Golkoan hidrokarburo-ehiza hasteko beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak
  • Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen positiboa egin du Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak. Kantauri itsasertzean gasa bilatu nahi dute plataforma baten bidez.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 15
Proiektua martxan jartzeko Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren onarpena falta da; horrek baietza ematen badio, 4.000 metroko sakonerako bi zundaketa egingo dituzte. (Arg: Europa Press)

Capricorn eta Shell Upstream konpainiek bilaketa hori egiteko baimena eskatu zioten Espainiako Gobernuari, eta aurtengo urriaren 1ean jakin zen albistea Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialaren bitartez.

Proiektua martxan jartzeko Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren onarpena falta da. Baietza ematen badio, 4.000 metroko sakonerako bi zundaketa egingo dituzte multinazionalek, Elantxobeko itsasertzetik 16 kilometrora bata eta Bermeotik 22 kilometrora bestea.

Tarragonako itsasertzean antzeko proiektu bat egiteko proposamenari ere baiezkoa eman dio Ministerio espainiarrak. Itsaspeko hidrokarburo erreserbak bilatu nahi dituzte han, oraingoan soinu uhinen bitartez.