argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Dia Supermerkatuetako langileek bi greba egun egingo dituzte
  • Dia Supermerkatuak Bizkaian dituen langileek bi greba egun egingo dituzte Gabonetan. Lehenengoa bariku honetan izango da, abenduak 22an. Hurrengoa, berriz, 29an izango da.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko abenduaren 20a

Marka horren denda guztietako lan baldintzen aurka protesta egiteko helburua du grebak. Hura deitu duten sindikatuek adierazi dutenez, enpresa-batzordeak urteak daramatza Dia supermerkatuen metodoa konpontzeko lan egiten, baina, nahiz eta Lan Ikuskaritzan salaketak jarri, berdin jarraitu du denak.

Ricardo Currasek zuzendutako enpresarentzat ez da berria greba-deialdi hau, izan ere, beste eskualdeetan erabakia lehenago adostu zuten.

Langileek greba deitzeko prentsa-oharrean adierazi dutenez, "ordutegi aldaketa jarraiak jasaten ditugu, gure bizitzen bateragarritasunen aurka, soldata kaskarrekin, Bizkaiko lan hitzarmenak baino baxuagoak izanik".

Gainera, "behin eta berriro ixten dituzte lantokiak, hori dela eta sarritan kaleratzeak egoten dira", langileen ustez; eta itxiera horiek maiz aurretik abisurik gabe gertatzen dira, lanpostuak desagertzeaz gain ezegonkortasun sentsazioa areagotuz.

"Langile kopuru oso murriztuak eta lan ezegonkortasunak pertsonalaren gehiegizko txandaketa eragiten du" grebaren deitzaileen ustez. Horri gehitu behar zaio lanerako tresna eskasak dituztela, beharginak "arriskuan" jartzen dituztenak.

"Ez dituzte bajak betetzen, ezta lanaldi murrizketak eta oporrak ere, horregatik gure osasunaren kontra doazen lan erritmo oso biziak sufritzera behartuta ikusten dugu gure burua", azaldu dute. "Dendatik-dendako abisurik gabeko tokialdaketa jarraiak sufritzen ditugu, gure bizitzarengan duten eraginarekin. Aintzat hartzen ez diren aparteko orduak. Eta gure lizentzien desagerpena, gehiegizko lanaldiak balira bezala hartuak".

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.