Apiril amaieran gertatutako pasarte baten harira jarri du kexa Bizkaiko Basozainen elkarteak. Basozain baten igorgailuaren alarma botoia sakatu zuen norbaitek, baina oraindik ez dakite nor izan zen. Sistemak “hutsune larriak” erakutsi dituela salatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru egunera erantzun ziela.
Alarma igorri zuen igorgailua langile baten izenean bazegoen ere, egun horretan langile hori ez zegoen lanean, eta bere igorgailua beste baten izenean zegoela erantzun zien. Hori igorgailuen %40aren kasuan gertatzen dela adierazi dute basozainek. Egoera hori behin baino gehiagotan errepikatu duela salatu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren erreakzioa kritikatu dute, alarma gertatu eta hiru egunera hasi baitzen langileei deika, igorgailuaren erabiltzailea aurkitzeko. Subasok egiten ditu deiak, Basalan enpresaren atala denak; Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren landako langileen komunikazioen behin behineko ardura darama Subasok.
Subasoren aurretik, ordea Base Gorria izeneko zerbitzu publikoa zen komunikazioaren arduraduna. Langileek diotenez, zerbitzu hori desagertzearekin batera hasi ziren arazoak, eta maiz salatu dute agintariekin izandako bileretan. Babesik gabe bi urte daramatzatela gehitu dute, eta edozein unetan ezbeharren bat gerta dakiekela. Pribatizazioak bultzatzeko asmoz sektore publikoa deuseztatzea akats larria dela esanez amaitu dute.