Uztailak 8, 16 eta 21 izan dira greba egiteko ELA eta CCOO sindikatuek aukeratutako egunak. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) eta soldatak parekatzea eta lanaldiak murriztea eskatzen dute.
Bizkaiko autoeskolek antolatutako hirugarren greba eguna izan da astelehenekoa. 8:30ean manifestazio batekin kalera atera dute aldarria. Autoeskola irakasleek lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, eta hitzarmen berria sinatzeko patronalaren blokeo ahaleginak salatu dituzte. Orainek jakitera eman duen arabera, zazpi hilabetez egon dira APAVIrekin (Bizkaiko Autoeskolen Elkarte Probintziala) negoziatzen, baina hainbat bilera egin eta gero aurrerapenik ez dutenez ikusten, grebara joatea erabaki dute sindikatuek.
ELAko ordezkari Ainhoa Tirapuk dio APAVI ez duela neurririk eskaini, eduki aldetik ez dela ezer berririk egon. Gainera, "aurrerapausoak baino, atzerapausoak egoteko arriskua egon zen" azken bileran. CCOOko ordezkari Jose Antonio Gonzálezek, patronalarekin egin duten azken bileran APAVIk ez duela inolako ekarpen berririk egin salatu du Europa Pressen.
Langileek KPI soldatarekiko egokitu eta lanaldi murritzagoak nahi dituzte
Orainen arabera sindikatuek salatu dute hitzarmenak hamar urte baino gehiago daramatzala eguneratu gabe. Soldata igoera eskatzen dute, patronalak eskainitako %2,5eko igoera ez dela nahikoa uste dute, KPItik oso urrun geratzen baita. Horretaz gain, 32 ordu t’erdiko lanaldia eskatzen dute.
Bizkaian 160 autoeskola baino gehiago daudela gogoratu dute Radio Nerviónen, guztira 400 langile baino gehiago direla, horietatik gehienak enpresa txikiak eta familiak langile gutxirekin kudeatutakoak.