argia.eus
INPRIMATU
Bizkaibuseko grebaren jarraipena “erabatekoa” izan da sindikatuen esanetan
  • Bizkaibusek azpikotrantaturik dituen sei emakida-zerbitzuetatik lautan zegoen asteazken honetan deituta lanuztea, eta erantzuna %100ekoa izan da sindikatuen arabera. Lan hitzarmen "justua" aldarrikatu dute langileek.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 21
Grebaren jarraipena erabatekoa izan da deitzaileen arabera eta ehunka langile atera dira kalera (argazkia: FSC-CCOO Euskadi)

Bizkaiko autobus bidezko garraio publikoan eragin handia izan du asteazken honetan sindikatuek Bizkaibuseko langileen artean deituriko 24 orduko grebak. Zehazki, lau emakida-zerbitzutan zegoen lanuztea deituta: Ezkerraldean eta Meatzaldean, Txorierrin, Enkarterrietan, eta Busturialdean eta Lea Artibaien. EMB, BLB, CCOO eta ELA sindikatuen esanetan jarraipena "erabatekoa" edo "100%ekoa" izan da zerbitzu horietan.

Grebak bat egin du Bilboko Santo Tomas egunaren ospakizunekin, baita Gabonetako oporraldian milaka jenderen joan-etorriekin, eta horrek protestaren indarra biderkatu du: "Ez dugu beste biderik", azaldu dute.

Lan hitzarmen "justua" eta lan baldintza duinak eskatzen dituzte Bizkaibuseko langileek, soilik horrela lortuko baita, euren esanetan, "kalitatezko zerbitzu publiko bat" ere. Durangaldeko emakidunak hitzarmena sinaturik dauka KPI igoerarekin, eta UGT sindikatuko Óscar Lópezen esanetan, gainerako zerbitzuak horixe bera ari dira eskatzen.

Eguerdian 600 langile baino gehiago elkartu dira Bilbon manifestazioan, euren aldarrikapenak kalera ateratzeko.