argia.eus
INPRIMATU
Prostituitzera eta drogak kontsumitzera behartzen zituzten Bizkaian erreskatatutako emakumeak
  • Ikerketa iturrien arabera, sexu esplotaziorako eta droga trafikorako joan den asteazkenean Bizkaian desegindako sareak, emakumeak baldintza "oso txarretan" bizitzera behartzen zituzten. Kontrolaturik zeuden une oro eta egunean ordubetez bakarrik atera zitezkeen esplotatzeko erabiltzen zituzten etxetik. Eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan, bezeroak onartzea behartzen zituzten.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 15
Biktimak kokainta kontsumitzera eta bezeroen eskariak onartzera behartuta zeuden. Argazkia: Cadena SER.

Sexu esplotaziorako eta droga trafikorako sare bat desegin du Guardia Zibilak pasa den asteazkenean Bizkaian. Emakumeak jatorrizko herrialdeetan hartu eta Bizkaira eramaten zituzten. Drogak hartzera eta prostituitzera behartzen zituzten, euren borondatearen kontra.

Joan den astean, Alipar izeneko polizia-operazioa egin zuten Barakaldon, Bilbon eta Fruizen. Gertaerak salatu zituen lekuko babestu baten ondorioz hasi zen ikerketa. Zazpi pertsona atxilotu eta hainbat jatorritako hamahiru emakume erreskatatu zituzten. 35.000 euro baino gehiago aurkitu zituzten eskudirutan. Baita kokaina, marihuana, mugikorrak, ordenagailuak, grabagailuak, sildenafilo eta amoxizilina pilulak eta dokumentazio ugari ere, EITBn jaso dutenez.

Polizia iturriek azaldu dutenez, biktimek zituzten baldintzak "oso txarrak eta osasungaitzak" ziren. Emakumeak sareko kideek kontrolatzen zituzten eta egunean ordubete bakarrik atera zitezkeen. Era berean, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan, bezeroak onartzera behartzen zituzten. "Festak" ere antolatzen zituzten, biktimak kokaina kontsumitzera behartu eta bezeroen eskariak onartzeko.

Atxilotuei zenbait delitu egozten zaizkie: gizakien salerosketa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, osasun publikoaren aurkakoa, kapital zuritzea, erakunde kriminaleko kide izatea eta atzerritarren eskubideen aurkakoa.

Sexu esplotaziorako sarearen funtzionamendua

Ikertzen jarraitu duten agenteek egiaztatu ahal izan dute erakundea gutxienez 2017. urtearen hasieratik existitzen dela, eta hainbat herrialdetako biktimak kontrolatu ahal izan dituztela. Batez ere, Paraguai eta Kolonbiakoak izan dira biktimak. Emakumeen zaurgarritasun egoeraz aprobetxatzen ziren, eta etorkizun handiko bizitza eta lan baldintzak eskaintzen zizkieten.

Europako hainbat herrialdetan eskala bat baino gehiago egin ondoren, Bizkaira iristen ziren. Han ematen zieten benetako lan egoeraren berri eta prostituzioan sartzera behartzen zituzten. Sexu esplotazioko sarearen lidergoa emakume batek zuen, eta beste bost emakumek eta gizon batek eginkizun desberdinak zituzten.