argia.eus
INPRIMATU
Bizitzaren osotasuna aurrez aurre
  • Azken egun hauetan ugaritu egiten ari dira konfinamendu honek ematen dizkigun aukeren zerrenda amaigabeen argitalpenak, zein baino zein irudimentsuago. Baina dudarik gabe zalantzazko egoera honek aurrez aurre jartzen digu bizitza bere osotasunean ikusteko aukera.

Idoia Sara Perez 2020ko martxoaren 24a

Kutsatutako pertsonen estatistikak argitaratzen dira Gobernuen web orri ofizialetan, eskualdeka ospitaleratutako pertsonen datuak eguneratzen dira etengabean eta noski, birus berriak eragindako hildakoen kopuruen ehunekoak eta ezaugarriak mintzagai bihurtzen dira komunikabide eta sare sozialetan, baita senitartekoen artean ere. Haurrak inolaz ere ez daude errealitate honetatik kanpo.

Hasieran, ukazio fase batean edo, urrutiko gaitza zela esan zuten batzuek, gurean zabaltzeko aukera gutxi zegoela sinetsaraziz. Denbora gutxian, ordea, errealitateak oso bestelakorik erakutsi zigun. Koronabirus familiako birusak gurean zeuden eta birus berria ere gurean da. Berria eta ezezaguna izanik ez dago haren aurkako sendagairik ez eta are gutxiago txertorik.

Honek ezinbestean gizakiok hauskorrak garela gogorarazten digu eta gure ongizateak ezkutatzen ohi zuen errealitatea azaleratu egin du.

Definizioz bizitzak heriotza dakar, ez baitago heriotzarik gabeko bizitzarik. Heriotzaren esperientzia gizatasunaren jatorrian berean dago. Heriotzak finitudea eta itzulezintasuna dakartza; heriotza unibertsala eta saihestezina da. Alegia, bizitzaren amaiera da, hiltzen dena ez da gehiago itzultzen, pertsona guztiak salbuespenik gabe hiltzen dira eta inork ezin dio heriotzari ihes egin.

Oraingo honetan, heriotzaren tabua gainditzeko aukera paregabea dago, heriotzaren gaia arinkeriarik gabe normalizatzeko. Haren aurrean jarrera-aldaketa sustatzen ez bada, bizitza osatuago baten aldeko hautua arbuiatzen ari gara. Haurrei heriotzaren errealitatea ezkutatzearekin batera, babesik gabe uzten ditugu, balizko galera-gertakizun bati aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak garatzeko giza eredurik gabe gelditzen direlako.

Aldiz, haurrekin heriotzak edo gaixotasunak ekar dezaketen saminaz naturaltasunez eta zintzotasunez hitz egiten bada, etorkizuneko oinarrizko zutabeak jartzen dira emozionalki osasuntsu hezteko. Norberak dituen beldurrak adierazteko aukera dagoenean, emozioen lanketan aurrerapauso handia ematen da, eta haurrari tresna baliagarriak ematen zaizkio estrategia pertsonalak garatu ahal izateko.

Haurrak gai dira euren logika erabiliz teoria propioak eraikitzeko. Nahiz eta heriotzaren kontzeptua bere osotasunean ezin ulertu, txikitandik hitz egin daiteke beraiekin, pentsatzen ohi dena baino askoz gehiago ulertzen baitute. Dituzten kezkak entzun behar dira eta hitz egiten utzi behar zaie. Erne bagaude, berehala ohartuko gara gaixotasunaren edota heriotzaren gaiak haien interesekoak ote diren, eta egiten dituzten galderek mugatuko dute elkarrizketa. Betiere hitz egokiak eta mezu zuzenak erabiliz, eufemismorik gabe. Eta jakina, erantzunik ez dugunean, zintzotasunez ez dakigula aitortu; ez dugu zertan dena jakin beharrik.

Baina aurretik, helduok barne-hausnarketari ekin beharko genioke, haurrekin hitz egiteko hain beharrezkoak diren sosegua eta ezaguera izateko; gure beldurrak beraiengan proiektatzen baditugu euren baliabide propioak garatzeko aukera mugatzen diegulako, eta neurri batean, tabua elikatzen da.  Aldiz, egoera kontuan hartuta, oraingoan elkarrekin hausnartzea proposatzen da, elkarrizketa zintzoan, lasaian, entzutetsuan, eta Oscar Brenifier filosofo eta idazle aljeriarraren La vie, c’est quoi? (Éditions Nathan, 2004) edo ¿Qué es la vida? (Edebé, 2006) liburuetan plazaratzen diren galderak baliatuz. Bi liburu hauetan, baieztapen eta galderen bitartez, bizitzaren osotasunaren gaineko hausnarketa bultzatzen da eta bizitzarekin lotuta dauden zioak aztertzen dira kapituluz kapitulu, hala nola, zoriontasuna, anbizioa, zorigaitza, existentzia, bizitzaren zentzua eta, jakina, heriotza.

Abiapuntu bezala, zergatik hiltzen ote garen galdera orokorra agertzen da, ondoren, baieztapenen bidez zenbait erantzun luzatzeko, 6-7 urtetik gorako haurrek egin zezaketen antzera. Gai existentziala izanik, ordea, baieztapen bakoitzak galdera berriak zabaltzen ditu. Esaterako, “bizitza betierekoa balitz, bizitzaz nekatu gintezke? Zergatik daude gorputz batzuk besteak baino erresistenteagoak? Ikastea da bizitzan egin dezakegun gauza bakarra? Beharrezkoa al da hildakoak norabait joatea? Heriotza baliagarria izan al daiteke? Ez gara ordezkaezinak?”.

Inoiz baino ageriagoa da hilkortasunaren kontzientziak ekartzen duen onura, errealitatera egokitzen, gizakiok ditugun mugak onartzen eta beldurrak gainditzen laguntzen duelako.  Azken batez maitasun kontzeptuaren esanahia zabaltzen laguntzen du, eta sentimenduak adierazi beharra agerian uzten du; gauzen balioa erlatibizatzen du, eta ditugun horiek baloratzen eta zaintzen lagundu dezake.

*Idoia Sara Pérez irakaslea da eta gaur egun Nafarroako Hezkuntza Departamenduko Prestakuntza Atalburua.