Bizitzaren aldeko polka dantzatuko dute herritarrek Zarauzko Euskal Jaian

  • Bizitzaren aldeko polka dantzatzera dei egin du Zarautzen ere Zutik ekimenak, irailaren 9an (Euskal Jaian), 19:00etan txosna-gunean. Alkateak ahoz jakinarazi zien pankartetan "Ustelak lurpera, bizitza da handiena" lema jartzeko baimenik ez dutela. Jaien ondoren, herritarrei Zarautzen ere Zutiken parte hartzeko deialdi zabala egingo dutela iragarri dute.


2016ko irailaren 08an - 15:36

Irailaren 9an Zarautzen Euskal Jaia ospatzen dela eta aurten gainera Gipuzkoan jai dela baliatu nahi du Zarautzen ere Zutik ekimenak bizitza ereduen aldarria kalera eramateko. Polka dantzatzea hautatu dute horretarako. Kide batek adierazi digunez, "dantza erraza da, denok egiteko modukoa. Gipuzkoa Zutiken ikur bihurtu den koloretako oihala jarriko dugu erdian eta bere inguruan dantzatuko dugu". Ekintza kolektibo horren aurretik, antzerkitxo bat ere egingo dute "Olano eta bere lagunak ere etorriko dira, eta guk umorez, dantza eginaz erantzungo diegu".

Bizitza ereduak plazara

"Erraustegiaren kontra gaude, Zarautz eragin eremuan egonik osasun arazoak sortuko dizkigulako, eta ekonomikoki gipuzkoar denontzako izango delako zorra. Eta batez ere, erraustegiak eredu ustel bati erantzuten diolako. Horren aurrean, bizitzaren aldeko aldarria egin nahi dugu, modu koloretsu eta alaian".

 

 

 

Udan hainbat bideo zabaldu ditu Zarautzen ere Zutikek, giroa sortzeko eta gaia jendartera zabaltzeko.

Bertolt Brecht hitzak idazteko baimenik ez, XXI. mendean

Zarautzen ere Zutikeko kideak azaldu du orain herrian edozein pankarta jartzeko (baita txosna gunean ere), udalari jakinarazi behar zaizkiola idatziko diren lemak. Alkateak ahoz jakinarazi omen zien "Ustelak lurpera, bizitza da handiena" lema ezin dela erabili. "Badirudi lemaren lehen zatia iraingarria iruditzen zaiela. Bizitzaren aldeko lema izanik, guri iraingarriagoa iruditzen zaigu herritarrei galdetu gabe erraustegi proiektua inposatu izana". Gustu handiz jarri omen dute lema kartelean.

Zarautzen ere Zutik deialdi zabala hurrengo asteetan

Udan zehar hainbat bilera egin ditu Zarautzen ere Zutik ekimenak, herrira nola egokitu eta zer helburu eta forma hartu pentsatzen. Bertako kide honek jakinarazi duenez, Euskal Jaiak pasa ostean deialdi zabala egingo dute: "Hemen denok dugu lekua eta parte hartzeko gogoz dagoena adi egon dadila deialdira. Laster kalean elkartuko gara".

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zarautzen ere Zutik
2016-07-08 | Estitxu Eizagirre
Zarautzen ere Zutik, noizbait eratu daitekeen Zarautz Zutiken hazia

Sorrera ezberdina ari dira lantzen Zarautzen. Talde batek hainbat bilera egin ditu, noizbait deitzea aurreikusten duten asanbladarako planteamendua lantzeko.


Eguneraketa berriak daude