Asteburuan Elcano Espainiako armadaren gerra ontzia Getarian izan da, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak pertsonak salbatzen dituztenen kriminalizazioa salatu du.
Itsasoan bizitzak salbatzen dituztenen jazarpena eta munduan hainbeste sufrimendu eragiten duten ontzien zuritzea salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Getarian, Elcano ontziaren bisita dela eta. Igandean goizeko 9:30ean ekin zieten protestari, eta 11:00etan performancea egin zuten Malkorbe hondartzan, egunero itsasoan hiltzen diren pertsonak omentzeko.
Gaur egun Europako herrialdeak Giza Eskubideen Nazioarteko Lege eta Itunak urratzen ari direla eta Europara migratu nahi dutenen aurkako genozidioa gertatzen ari dela azpimarratu dute, instituzioetatik militarismoa eta arma-industria goraipatzen ari dela gogoratuz.
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Estatuan arma gehien produzitu eta banatzen dituen komunitate autonomoa da, eta enpresa hauek eginiko armen zati handi bat gerran dauden Afrika eta Ekialde Hurbileko herrialdeetara doaz. Arma salmenta honekin, herrialde horietan egoera ezegonkorra sortu eta mendebaldeko potentziek multinazionalen bidez baliabideak espoliatzen dizkietela salatu dute.