Ainda estou aqui memoria eta erresistentzia pelikula bat da, horrela esan du Walter Salles zuzendariak, ostiraleko pasearen aurretik. Iaz estreinatutako pelikulak sari dezente irabazi ditu, iazko Goya sarietan eta aurtengo Oscarretan film iberoamerikar onenaren eta film atzerritar onenaren sariak irabazi zituen, hurrenez hurren. Zinemaldian ere izan du saririk, Prentsa Zinematografikoko Nazioarteko Federazioaren aurtengo saria jaso baitu, eta ez da gutxiagorako. 1970eko Brasilen kokatuta, familia dirudun ezkertiar baten bizitzaa kontatzen du, Rubens Paiva Alderdi Laboristako diputatu ohiarena. Paivaren kasu errealean dago oinarrituta, bere seme Marcelo Rubens Paivak idatzitako liburuan, pelikularen izen berekoa.
Rio de Janeiro bukoliko batean bizi dira paivatarrak: etxe handi bat dute itsasoari begira, bertatik bertara ikusten dute hondartza, bertan bainatzen dira sarri. Itsasoak ematen die geldotasuna, lasaitasuna. Horrela bizi dira, armonian, gurasoak, bost seme-alabak eta baita Zeze neskamea ere. Gurasoe aire bohemio bat nabari zaie: etxekoiak dira, etxean jaiak antolatzen dituzte gurasoen eta seme-alaben lagunekin, etxea beteta izatea gustatzen zaien horietakoak dira. Aita, Rubens (Selton Mello) arkitektoa da, eta badu nolabaiteko aire filantropo bat; amak, Eunicek (Fernanda Torres) etxean dihardu beharrean, umeekiko harreman oso hurbileko eta goxoan.
Atmosfera idiliko horretan hasten da pelikula, harik eta helikopteroen eta kamioi militarren zaratak giroa zapuzten duen arte. Diktadura militar garaiak dira, giroa okertzen ari da herrialdean, eta paivatarrek horrelakorik igarri dute inguruko familietan. Erbesteratuak areagotzen ari dira, euren alaba nagusi Vera (Valentina Herszage) ere atzerrira bidaltzen dute, nahiko iraultzaile dabil eta. Baina ideia iraultzaile horiek uste baino jende gehiagorengana iritsi dira, eta pelikularen erdi partean aitaren bila heltzen dira zenbait morroi; nor diren ez da zehazten, baina poliziarentzako lan egiten omen dute. Aita desagertu da, eta ama eta bigarren alaba ere eraman dituzte galdekatzera, “iraultzaren” aurkako erresistentziaren parte direlakoan.
Rubensen kasua Brasilen egondako milaka desagerketetako bat bihurtzen da, eta Eunicek horixe salatzeari ematen dio bizitza. Erresilientzia ariketa miresgarri baten, gobernua eta estatua aurka dituela, bizitzan aurrera egiten du, borrokan bezalatsu. Hiria utzi eta Sao Paulora joaten dira familiako kideak, gainontzeko senideen babesean errazagoa egingo baitzaie borrokarekin jarraitzea. Urte luzez izango da Eunice Brasilgo diktaduraren gehiegikerien salatzaile, eta denbora horretan guztian helburu bat izango du: senarraren heriotza ziurtagiria eskuratzea.
Pelikula luzea da Sallesena, bi ordu eta erdi inguru irauten ditu. Baina luzea izateak ez du astun egiten, inondik inora ere. Ikuslea hasieratik bertatik harrapatzen du, istorioa gogorra izanda ere, goxotasun handiz kontatutako pieza da. Sallesek asko mimatu du pelikulako elementu oro, eta nabari da emaitzan. Hari oso finez jositako pelikula da, narrazioak ez du haririk barik josten: irudiak, soinuak, gidoiak... guztiek daukate zentzua elkarrekin.
Aipamen berezia merezi du Fernanda Torresek, Eunicek. Ama erresilientearen papera zoragarri ondo betetzen du, Eunicek bizi izandako zorigaiztoko danak bikainki gorpuzten ditu. Eta pelikulak badu keinu izugarri polit bat Torresekiko: 2014ko Eunice, jada 85 urteko andre nagusia, Torresen amak interpretatzen du, Fernanda Montenegrok; hura ere aktorea.