Laguntza humanitarioa banatzen duten puntuetan 50 palet inguru jartzen dituzte. Bertara elikagaien bila joaten direnek ahal dutena hartzen dute israeldar eta AEBko mertzenarioen erasoen artean.
Efe agentzia bertan egon da eta informatu duen moduan, AEBko eta Israelgo Gobernuek babestutako Gazako Fundazio Humanitarioak (GHF), "SDS4" banaketa puntuan 50 palet jartzen ditu. 5.000 palestinar inguru elikagaien bila bertaratzen dira, eta korrika joan behar dira ordenarik gabe banatzen delako janaria. Guztientzat nahikoa ez dagoenez, borrokak egoten dira. Horri gehitu behar zaio israeldar soldaduek eta AEBko mertzenarioek eremua inguratzen dutela eta gerturatzen diren pertsonak tirokatzen dituztela. Honela deskribatzen du egoera Aitor Zabalgogeazkoa Mugarik Gabeko Medikuetako kideak: "Jendea goiz iristen bada eta kontrol postuetara hurbiltzen badira, tiro egiten diete. Garaiz iristen badira, baina jende asko pilatzen bada eta horiek hesiak eta alanbradak saltatzen badituzte, tiro egiten diete. Berandu iristen badira, ez lukete han egon behar ‘ebakuatutako eremua’ delako eta tiro egiten diete".
Banaketa puntua ez dute beti ordu berberean irekitzen eta zabaltzen dutenean ez dago ordenarik, Zabalgogeazkoaren hitzetan: "GHFko langileek paleak eta elikagai kutxak erortzen utzi eta hesia irekitzen dute. Milaka pertsona batera sartzen dira, azken arroz alea hartzeko borrokatzeko". Efe bertaratu zen ekainaren 24an, eta azaldu duenez, banaketa puntua irekitzerakoan tanke bat agertu zen eta pertsonak tirokatu zituen. Tiroak amaitu ondoren, berriz ere abiatzen dira korrika janaria lortzeko. Elikagaiak agortzen direnean, mertzenarioek berriz ere tiroak eta bengalak jaurtitzen dituzte han geratzen diren pertsonak kanporatzeko.
Eferen datuek diote banaketa puntuetan 580 pertsona baino gehiago hil eta 4.200 zauritu dituztela. Haaretz egunkariak azaldu duen moduan, "israeldar soldaduek beren komandanteen oniritzia dute zentro horietan armarik gabe dauden palestinarrei tiro egiteko, nahiz eta tropentzat inolako mehatxurik ez izan".