Martxoaren 23an eta 30ean egingo diren herri hauteskundeen karietara, klima-energia aldaketari aurre egiteko gaualdia antolatuko du Bizi mugimendu altermundialistak, asteazkena, 18:00etan, Uztaritzeko Lapurdi gelan.
Gaualdian barrena, energia trantsizioaren gaineko ituna aurkezteaz bat, berau ofizialki izenpetzea eskatuko zaie hautagai buruei. Herritarrei ere zabalduko zaizkie ateak.
Ipar Euskal Herriko bozetan ordezkaritza agertu duten joera gehienek erakutsi dute itunaren alde agiteko asmoa, hala nola, UMP, UDI eta PS alderdiek, ezker muturrak, abertzaleek, bai eta etiketa politikorik gabeko zerrendek eta elkarretaratuek ere. Dagoeneko 50 dira Biziren proposamena ontzat eman duten zerrendak.
Herriko etxe eta elkargoen eskumenen arabera, zenbait arlotan sailkatu dituzte helburura bidean lortu beharrekoak: hirigintza, mugikortasuna, energia, ura, eraikuntza...
Engaiatzen diren hautagaitzei segimendua egiteko, Jarraipen batzordea sortuko da hauteskundeen biharamunean bertan.
Itunaren izenpetzaileak zeintzuk diren jakin nahi izanez gero, informazio zabalagoa dakar Kazeta.infok.