Ekimen honekin tonu alai eta ironikoan salatu nahi dute aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek "gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten" dituela.
Bizilagunekin plataformaren esanetan, "ospakizun hau protesta eta aldarrikapenerako modu bat da" eta antolatzaileek ondoko helburuak dauzkate: "Aldaketa klimatikoa aukera komertzial gisa aurkezten duten diskurtsoei aurre egitea, eta turismoaren hazkunde mugagabea normalizatzea arriskutsua dela ohartaraztea". Umorean eta festa giroan zentratuta, bizi baldintza duinak defendatzeaz gain, "arduragabekeria instituzionala" salatuko dute.
Ekimena Ilunki Kultur Elkartean izango da, maiatzaren 30ean, ostiralez 18:00etatik aurrera, eta mojitoak, janaria eta DJ Miau izango dira "giro tropikala eta aldarrikatzailea" bermatzeko.
Antolatzaileek gogorarazi dute turismo jarduerak mundu mailako CO₂ emisioen %8 eragiten duela, eta hortaz, klima larrialdiaren eragile nagusietakoa dela. Ondokoa gehitu dute: "Hala ere, tenperatura igoera aukera ekonomiko gisa baliatzen ari dira interes pribatu batzuek, batez ere hondartza-turismoaren bidez etekinak handitzeko".