argia.eus
INPRIMATU
Desazkunde turistikoaren aldeko topaketak egingo dituzte Donostian
  • BiziLagunEkin plataformak antolatuta, turistifikazioari aurre egiten dioten eragileen topaketak egingo dituzte urriaren 24 eta 25ean Donostian.Topaketa horietan dozena erdi tailer eta mahai-inguru izango dira, Euskal Herriko hainbat hiri, herri eta eskualdek jasaten duten turistifikazioaren inguruan gogoeta kolektiboa egiteko asmoarekin.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko urriaren 01
Euskal Herri osoko talde eta norbanakoek hartuko dute parte topaketetan. Joseba Parron (CC BY-SA 4.0)

Euskal Herriko hamaika txokotan eragin du turisfikazioaren olatuak. Bizilagunei zuzenen eragiten dien eredu horren aurrean zenbait talde eratu dira lurralde osoan, eta horien guztien esperientziak batzeko helburuarekin antolatu ditu topaketak BiziLagunEkin taldeak.

Turistifikazio ereduak arduratzen dituen Euskal Herri osoko talde eta norbanakoei zuzenduta dago ekimena. Donostiako plataformak lau helburu definitu ditu: eragileek elkar ezagutzea, gaiaren inguruko Euskal Herriko ikuspegi orokorra biltzea, gogoeta egin eta etorkizunari begira elkarlanerako oinarriak jartzea. Hitzaldi eta saio orokor guztietan bermatuko da euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez jarraitzeko aldibereko interpretazioa.

Egitarau zabala prestatu dute bi egun hauetarako. Turistifikazioak etxebezitzaren arloan izan duen eraginaz edota lurralde bizigarrien inguruko mahai-inguruak batetik, eta dozena erdi tailerretan parte hartzeko aukera bestetik. Besteak beste, turismoak dakarren prekarizazioa, eredu horren aurreko alternatibak eta euskararen gaineko eragina landuko dituzte. Topaketen inguruko informazio guztia BiziLagunEkin elkartearen webgunean duzue eskuragai. Izen ematea era bertan egin behar da.