argia.eus
INPRIMATU
Bizikleta martxa egingo dute Lodosatik Iruñera euskararen legea salatzeko
  • Bertsokletak Euskal Herriko zazpi bertso eskola lotuko ditu bizikletaz. Euskaraz Bizi eta Ikasi plataformen babesa dauka ekimenak eta Nafarroan euskarak bizi duen egoera salatzeko baliatu nahi dute.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 15

Martxan parte hartuko duen Oscar Saenzek Berrian adierazi du Nafarroako eremu ez-euskaldunean gertatzen dena salatu nahi dutela ekimenaren bidez: “Eremu ez-euskaldunean hainbat kilometrotako bidaiak egin behar izaten dituzte neska-mutilek euskaraz ikasi ahal izateko”.

Datorren larunbatean, hilaren 19an, Lodosatik abiatuko da martxa eta hilaren 25ean, ostiralean, Iruñera iritsiko dira. Tartean Euskal Herriko herrialde guztiak bisitatuko dituzte txirrindulariek: Agurain (Araba), Markina-Xemein (Bizkaia), Lasarte-Oria (Gipuzkoa), Senpere (Lapurdi), Urdiñarbe (Zuberoa) eta Baigorri (Nafarroa Beherea) herrietatik pasatuko da Bertsokleta.

Egun bakoitzeko etaparen amaieran, tokian tokiko bertso eskolak saio berezia antolatuko du: “Bertso eskola bakoitzak nahi duen forma emango dio bere saioari”, adierazi du Saenzek.

Herritarrei parte hartzeko eskatu diete Bertsokletako txirrindulariek. Ahalik eta jende gehienak proiektua babestea da helburua, euskararen eta euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde ahalik eta multzorik handiena osatzea.