Berrehun lagun hurbildu dira Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.
Joan den irailean egindako manifestazio jendetsuaz geroztik, hilabetero bildu da Baztango Osasun Plataforma, eta asteazken honetan burutu dute ikasturteko azken protesta. Berrehun lagun batu dira bizikleta martxara, kalitatezko osasun sistema publikoa aldarrikatzeko.
Irailetik ekainera zerbitzuaren "egoera aldatu" den arren, ez da nahikoa eta osasun zerbitzuko eskasiak oraindik pairatzen dabiltza: momentu honetan hiru mediku diren arren, bik "familia medikuntza" espezialitaterik ez dute eta euskaraz ez dakite. Pediatria zerbitzuari dagokionez, "aspalditik dago" plaza erdi bat bete gabe. Baztango Osasun Plataformak dioenari segi, biztanleak hamabost urtez egon dira udalerriko gobernu ezberdinei mediku eskasiaren inguruan abisatzen eta ez dute konponbiderik jaso. Hori horrela argiki diote: "Bizitzen ari garen egoera, aurreikuspen falta horren ondorioa da".
2021eko iralean Sindikatu Medikoak deituta, lehenengo elkarretaratzea antolatu zuten eta urte bereko urrian, herritarrak ere hasi ziren osasun etxe aurrean elkartzen. Orduan jadanik zutelako osasun langile eskasia: 2022ko maiatzean zazpi hilabete bete zituzten pediatrarik gabe eta beranduago, 2024ko maiatzean, bi mediku titularrek beren plaza utzi zuten. Emaitza deitoragarria da: "Horrek, 4.000 biztanleentzako mediku bakarra egotea gauzatu zuen". Urte bereko irailean, Elizondo-Elbete medikurik gabe geratu zen.
Osasugintzako langileek publikoki salatu zuten egoera eta orduan zuten Baztango Osasun Plataforma sortu. Herritarren eta langileen mobilizazioari esker, lerroak mugitu eta familia medikuntzan espezialitaterik ez zuten bi mediku lanean hasi ziren 2024ko urrian. 2025eko otsailean hiru plaza eskaini zituzten oposaketetan, baina bakarra osatu zuten. Apirilean, Arizkungo medikua erretiratu zen eta Elizondon plaza hartua zuen medikuak, horri uko egin eta Arizkungoa eskuratu zuen. Horiek horrela, gaur egun, Elizondo-Elbetek hiru mediku ditu. Hutsunea momentuz bete da, prekarioki, baina udaren atarian, ez dakite zerbitzua nola bermatuko den. Horregatik zuen asteazkeneko protestak garrantzia handia.
Egoera hobetu nahian, Osasun Kontseilua Nafarroako Gobernuarekin biltzen da sei hilabetean behin, baina "aurtengo lehen bilera azken orduan bertan behera utzi zuen gobernuak", Erran aldizkariak jaso ahal izan duenaz. Hori dela eta, maiatzaren 23an bildu zen kontseilua, baina bilkura hastear zegoela jakinarazi zitzaien Ana Puig (Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordea) ez zela heldu, "bajan zegoelako". Bilera nola joan zen azaldu zuen asteazkeneko protestan Fernando Anbustegik (Baztango Alkatea): "Bere laguntzailearekin egin genuen bilera, baina bilduta ginen guztiekin izan zuen errespetu falta adierazi genion. Kontseiluaren kexa formalki adierazi diogu Osasunbideari".